Unai Ziarreta EAren idazkari nagusiak begi onez hartu du Espainiako Gobernuak ETArekin elkarrizketak hasiko dituela eta euskal herritarrek erabakitzen dutena errespetatuko duela esan izana, baina bada gustuko ez duen atal bat eta hausnarketa plazaratu du horren inguruan: «Legea ezin da herritarren borondatearen aurretik jarri».

Zapaterok herenegun egindako iragarpenari buruzko balorazioa egiterakoan esan zituen horiek Ziarretak. EAkoak ohartarazi zuenez, euskal gizarteak erabakiko duena errespetatuko duela esan zuen Espainiako gobernuburuak, baina betiere egungo legea oinarri hartuta. «Egungo markoa ezin da sekula euskal herritarren borondatearen gainetik jarri», aldarrikatu zuen. Izan ere, Ziarretaren ustez, legea da euskal herritarren nahira egokitu behar dena eta ez alderantziz. Hartara, «gizarteak egungo legea gainditu nahi badu, hala izan beharko du», hausnartu zuen.

Areago, idazkari nagusiaren esanetan legea da, hain zuzen, normalizazio politikoa galarazten duena: «Normalizazio politikoaz hitz egin nahi badugu, lege esparru horren erreformaz hitz egiten hasi beharko dugu».

POZA ETA ZUHURTZIA. Horiek guztiak esanda, Zapateroren iragarpena «euskal gizarteak espero zuen berri on bat» dela uste arren, kezkatuta dagoela erakutsi zuen, eta zuhur aritu beharra aldarrikatu. Izan ere, Ziarretaren esanetan, «jakinarazpen horren aurrekariak ez dira oso itxaropentsuak». Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onartutako Estatutu Berriari Espainiako Legebiltzarrak atea nola itxi zion eta Kataluniako Estatutuaren inguruan gertatutakoak ditu aurrekari kezkagarritzat.

Espainiako gobernuburuak Kongresuan zabaldutako mezuaren alde onen artean, alderdi politikoei onartzen zaien betebeharra nabarmendu zuen: «Gai politikoei buruz euskal alderdi politikoak soilik arituko direnaren konpromisoa».

Izan ere, adierazpen horrek gatazkaren muina onartzen du, Ziarretaren aburuz. «Zuzenean onartzen du hemen gatazka politiko bat dagoela ETAren sorrera baino lehenagokoa dena eta gatazka horren sustraiei ordezkari politiko guztien artean eman behar zaiela irtenbidea». Beraz, harremanak areagotzeko deia egin zien alderdi politikoei, Alderdien Mahaia lehenbailehen osatzeko.
Jatorria: Unai Ziarreta