Galdeketa debekatuz gero, zer egin Legebiltzarrak erabaki beharko duela uste du Unai Ziarretak «Espainiako legedia, besterik gabe, beti onartuko dugula esatea porrota aldez aurretik onartzea da», adierazi du Unai Ziarreta Eusko Alkartasunako presidenteak. Balizko herri galdeketari buruz, ez du onartzen «debekuaren mehatxua» eta buruan dauka galdeketa egitea: «Nahi eta nahi ez galdetuko zaie herritarrei, hori da gure proposamena». Haren iritziz, politika blokeo egoeratik ateratzeko modu «bakarra» da kontsulta. «Partida jokatuko dugu», adierazi zuen atzo Unai Ziarretak Bilbon emandako prentsaurrekoan.

Herri galdeketa urriaren 25ean egitea proposatu du Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak galdeketa debekatuz gero, ordea, kontsultarik ez dela egingo ziurtatu du Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak. Ibarretxek, berriz, nahiago du «urratsez urrats» joatea eta balizko debekuari ez aurreratzea, lehenik Eusko Legebiltzarrak onartu behar duelako egitasmoa. Halere, «normaltzat» jo du Urkulluren jarrera, «EAJ alderdi serioa baita eta beti bete baitu legedia». Joseba Azkarraga EAEko Justizia sailburua ere itxarotearen aldekoa da, baina ezin uler dezake «norbaitek eskubide demokratiko bat geldiarazten saiatzea».

Unai Ziarreta uste berekoa da. Konstituzionalaren debekurik gertatuko balitz, zer egin Eusko Legebiltzarrak erabaki beharko lukeela deritzo. Debekuaren aurka erantzun beharko luke Legebiltzarrak haren iritziz, eta hark erabaki beharko luke, gainera, nola erantzun: «Ez da izango alderdi bakarrak hartu beharreko erabakia, konpartitua baizik».

Ekainaren 27an eztabaidatu eta bozkatuko dute lege proposamen hori Eusko Legebiltzarrean eta, beraz, «hortik aurrera Legebiltzarraren egitasmoa izango da, gizarte osoarena», Ziarretak dioenez, eta ez Ibarretxerena soilik. Egitasmoa «ez da halabeharrez irentsi beharrekoa, ezta eskaintza itxia ere», gaineratu du.

EAko presidenteak ez du ulertzen PPk eta PSOEk galdeketaren aurka darabilten «bortxakeria». «Nola da posible demokrata bat, hitza herriari ematearen aurka agertzea?», galdetu du.

«ERANTZUNAREN BELDUR»

Herriari galdetzea zergatik den legez kanpokoa PPk eta PSOEk azaldu beharko luketela uste du Ziarretak. Kontsulta «erabat legala da», haren arabera. Izan ere, «nola izan daiteke legez kanpokoa jendearen iritzia jakitea», galdetu du baita ere. Haserre agertu da alderdi biekin. «Muturra behar da gero, legez kanporatzeaz hitz egiteko, Gernikako Estatutua bete gabe 30 urte daramatenenean», adierazi du.

Baina ez da legaltasun kontua, Ziarretaren iritziz, borondate politikoko kontua baizik. «Herritarren erantzunaren beldur dira, ez galderen beldur, jakin badakitelako gizarteak erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida zabaltzearen alde egingo duela». EAko burua ziur da herritar gehienek bat egiten dutela plazaratutako auzi biekin, «soziometroek eta inkestek hala esaten baitute». Gainera, aurrera egingo ez duen ezer proposatuko ez dutela ziurtatu du.

Ez omen da helburua galdeketa bera egitea, ordea. «Ez da azken muturrekoa, lehenengo urratsa baizik». Bideari ekiteko lehen pausotzat du kontsulta Ziarretak eta, ondoren, beste urrats batzuk etorriko direla uste du. Geroko fase horietarako gizarte osoaren parte hartzea aldarrikatu du. «Alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialek ere, beste urratsak egiteko elkarlanean aritu beharko dira», EAko presidentearen iritziz. «Galdeketa mugarria da, guztion artean zabaldu behar dugun atea».

zuberoa iturburu
Lotura: Lotura bisitatu
Jatorria: Unai Ziarreta