Martin Aranburu. Eusko Legebiltzarkidea

Egun dugun estatuen mapa-geopolitikoan zailak dira aldaketak edo berrikuntzak, nahiz eta herri asko egon nazio askapen borroka batean murgilduta. Denak miresgarriak izanik ere, gertutasun geografikoak edo egoeraren ezaugarrien parekotasunak gehiago hurbildu gaitu historikoki katalanen edo irlandarren borrokara. Ez dut askapen prozesu bati eusten dion herririk gutxitu nahi, baina bada gure mirespen, errespetu eta elkartasun osoa merezi eta behar duen herri bat: Sahara.

NBEk Marokoren inbasioa legez kontrakoa dela eta Maroko, Argelia eta Mauritania-ren arteko lur eremua Saharako herriari dagokiola onartu badu ere, beren lurraldetik kanporatuak eta Argeliako basarmotuaren zati behartsu eta lehorrenean bizitzera zigortuak izan ziren saharauiak. Argeliako basamortua zer den imajinatzea ezinezkoa da.

Lur txiro-txiroa, ehunka kilometro hare eta harri; ikusmenaren ahalmen osoa erabilita ere, harea eta harriak bakarrik ikus daitezke. Beren lurraldetik kanporatu zituztenean, Argeliako errefuxiatu kanpoetan kokatu ziren, aldi baterako izango zelakoan. Zelai horietan ezinezkoa zen gutxieneko garapen ekonomikoa, bai nekazaritzan bai merkataritzan. Hala ere, bertan kokatu ziren, beren lurraldera itzuli bitarteko behin-behineko egoera zelakoan. Behin-behineko garai horrek Maroko eta saharauien Frente Polisarioaren arteko guda eta su-etena ezagutu ditu, batetik, eta, bestetik, nazioarteko hainbat erakunderen erresoluzio ugari. Hogeita hamar urte, hain zuzen. Hogeita hamar urte irtenbide bat noiz etorriko zain. Hogeita hamar urte etxera itzultzeko zain. Bi belaunaldi jaio dira honezkero eta oraindik ere zelaietan bizitzen jarraitu behar dute, nazioarteko elkartasunak emandako laguntzaz biziz eta bidezkoa izango den soluzioa noiz etorriko den jakin gabe.

Egoera horretan, miresgarria da herri hark duen duintasuna. Ez dute inolaz ere beren nortasuna galdu nahi eta ezer ez dagoen zelai horietan eskolak, ospitaleak, sindikatuak, elkarteak eta museoak eraiki dituzte, eguneroko bizi-baldintzak apur bat hobetzeko eta gazte eta umeei beren jatorria eta borroka gogorarazteko. Ez dute nortasuna galdu, eta zelaietan Saharako Errepublikak izango zukeen egitura politiko bera mantentzen dute. Ez dituzte, ordea, zelaiak herri bihurtu nahi. Harrigarria da, adibidez, argindarra etxetik urrun eduki nahi izatea; zelaien behin-behineko kutsua ez ahazteko egiten dute hala.

Herri hark pairatzen duen bidegabekeria eta nortasunaren aldeko borrokaren duintasuna kontuan harturik, bi gauza eskaini behar dizkiegu guk, euskaldun garen aldetik: elkartasuna eta sostengua.

Jatorria: Martin Aranburu