Adierazi duenez, EA ´erabakigarria izan da Euskadiren burujabetzaren aldeko bilakaeran´. Begoña Errazti Eusko Alkartasuneko presidenteak nabarmendu duenez, normalizazio politikoan alderdi abertzaleek ´jarrera sendoa´ izan beharko dute ´gure herriaren aitortza eta haren eskubideak bermatze aldera´. ´Une horretan aukera paregabea dugu eta Euskal Herriaren eskubide nazional eta demokratikoak defendatzeko orduan, jarrera sendoa izan behar dugu´, azpimarratu du.

EAren sorreraren XX. urtemuga ospatzeko ekitaldi berezia egin du alderdiak Gasteiz hotelean. Bertan buruzagi abertzaleak adierazi duenez, EA ´erabakigarria izan da Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko bilakaeran. Euskal gizartearen borondate demokratikoa errespetatzeko exijentzian norabidean eta bidean´.

Agerraldia EAko emakume eta gizon guztiak zoriontzen abiatu du Erraztik. Haren hitzetan, ´zuzen jokatu dugula erakusten duen zer edo zer bada, Eusko Alkartasunaren diskurtsoa hegemonikoa dela da´.

´Euskal gatazka politikoa elkarrizketaren bidez konpontzeko, autodeterminazio eskubideak konplexurik gabe aldarrikatzeko eta egungo esparru politikoa oinarri, herria batzeko proposamenak egin zituen bere garaian Garaikoetxea lehendakariak. Ideiok gatazka konpontzeko bizkarrezur gisatzat dituzte egun euskal gizarteak eta beste alderdi batzuk´, azpimarratu du.

Horren ildoan agertu duenez, ´independentzia konplexu barik aldarrikatzeagatik EAri burla egiten zioten horiek, erabakitzeko eskubidea gatazka konpontzeko ezinbesteko dela onartzen dute gaur egun, dialektikoki bada ere´.

Erraztiren hitzetan, ´indarkeriaren inguruko beste iritzia zuten horiek politika egiteko politika bakarrik erabiltzeko apustuarekin egin dute bat. Hori horrela, gertuago dugu orain gatazkaren konponbidea´.

Azkenik, EAren bilakaera txalotu du ´gure ideien eta errealismoaren alde sendotasunez eta erradikaltasunez jardun dugulako, etorkizuneko helburuen eta unean-uneko egoeraren artean oreka mantenduta. Betiere, Europan euskal errepublika independentea sortzea jomuga izan dugu´, erantsi du.
Jatorria: Begoña Errazti