Martin Aranburu – Eusko legebiltzarkidea

Euskal Herrian politika egiten duten giza agente orok planteamendu bikoitza egin behar du egunero: alde batetik, epe motzeko erabakiak hartu, eta, bestalde, epe luzeko helburuak alde batera ez utzi. Hain zuzen, alderdi zein sindikatuek epe luzeko estrategia politikoak erabakitzen dituzte biltzarretan, eta erabaki horien inplementazioa egiten dute egunez egun. Epe motzean hauteskundeak berriz ere bistan baditugu ere, Jaurlaritzak aurkezturiko plana da oraindik, eta hurrengo hilabeteetarako, Erkidegoko politikaren ardatz nagusia eta burujabetzarako prozesuan sakondu nahi duten eragile askoren hizpide. Nekagarria gerta liteke askorentzat gai honi buruzko hausnarketa, baina askorentzat marko legal berri baten ardatza dela ahazten ez badugu, behin eta berriz azpimarratu behar dira plan honen potentzialidadeak.

Jaurlaritzaren planak aukera bat ireki du Espainiarekin izan beharreko konfrontazio politikoa artikulatzeko. Planak ez du bukaera puntua zehazten. Metodologia bat aurkeztu da nire aburuz, non eragile politiko eta sozial bakoitzak ekarpenak egiteko aukerak izango dituen, prozesuan parte hartu dutenen ekarpenek markatuko dutelarik planaren azken edukia. Bestela esanda, herri honen independentzia, askatasuna eta burujabetza nazionala helburu daukagunok prozesu honetan parte hartzen ez badugu, ez genuke harritzeko eskubiderik hamabi hilabete barru burutuko den testu artikulatuan eduki soberanistarik ez badago. Bestela esanda, gakoa borondatea da, testu artikulatuaren diseinuan parte hartuko dutenek zehazturiko mugetan egongo da prozesu honen muga.

Honetaz gain, hurrengo hilabeteetan konfrontazio egoeraren egonkortasuna azpimarratu nahi nuke, izan ere, ez baitut uste PP eta PSOEk epe motz zein ertainean inolako mugimendurik egingo dutenik, udal mailako eta Espainiako hauteskundeak bistan dituztela euskal abertzaletasunari atseden politiko eta judizial minimoak bere ordainsaria izango baitu hauteskundeetan. Bada 2003ko hauteskundeetan PSOEk presidentzia lortu eta gero gauzak aldatuko diren esperantza duenik: aldatu litezke, baina kudeaketarako egonkortasun gehiago emanez, besterik gabe. Agertoki horrek ez du ezertan gaur egungo egoera aldatuko, euskaldun askok pairatzen ditugun giza eskubideen urraketa indibidual zein kolektiboek amaierarik ez baitute izango.

Gure betebeharra da helburuari tinko eusten jarraitzea, euskal belaunaldi askok eutsi baitiote prozesu luze honi, eta asko izango dira ere hurrengo belaunaldietan jarraituko dutenak, azken finean gu katearen beste maila bat gara-eta. Hori bai, gure lanaren aurrerapena hurrengoen abiapuntua izango da.

Jatorria: Martin Aranburu