Euskal gizartearen interesak babesteko beharrezkoa bada, PSOEri aurre egin diezaion eskatu dio EAk lehendakariari

Eusko Alkartasunak kezkaz begiratzen dio PSE Kontzertu Ekonomikoaren defentsan egiten ari den ziabogari, berriz ere PSOEren interesen alde egiteko eta euskal gizartearen onura alde batera uzteko. Eusko Jaurlaritza eta Legebiltzarra Kontzertua blindatzeko aho batez Botere Judizialaren eta Auzitegi Konstituzionalaren lege organikoak aldatzearen alde egin ondoren, ez da onargarria Patxi Lopezen Gobernuak orain atzera egitea eta beste alternatiba batzuk planteatzea bakarrik PSOEk euskal instituzioen aldarrikapenak begi onez ikusten ez dituelako eta aipatu lege organikoak aldatzearen aldekoak ez direlako.
PSEren ziaboga ikusita, EAk azken hilabeteotan agertatuko kezka baieztatzen ari dela uste du Jesus Mari Larrazabalek, eta PSOEk Ferrazen ezarritako irizpideen menpe egotea egotzi die lehendakariari eta bere Gobernuari: “Patxi Lopez ez zela lehendakaria izango esan dugu beti, soilik espainiar Gobernuaren ordezkaria izango zela, eta orain baieztatzen ari zaigu; oker gaudela erakusteko aukera dauka, ez dela Zapateroren ordezkaria, lehendakaria baizik, eta PSOEren interes politikoen gainetik euskal gizartearen interesak defendatzen dituela”.
Ildo honi jarraituz, Kontzertuaren blindajea baldintzarik gabe eta Legebiltzarrak onarturikoaren arabera defenda dezala eskatu dio Larrazabalek Lopezi eta, beharrezkoa izanez gero, PSOEri aurre egin diezaiola euskal gizartearen borondatea eta interesak defendatzeko; izan ere, “Lopezek jakin beharko luke jada lehendakari bezala bakarrik euskal gizartearen interesak defendatu behar dituela, eta ez Zapaterorenak edo PSOErenak”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna