Elkarrizketa mahairako gonbitea

ELKARRIZKETA MAHAIRAKO GONBITEA

            Datorren urriaren 25ean
da ospatzekoa, autogobernuari buruz ihardungo duen Osoko bilkura monografikoa
Gasteizko Legebiltzarrean. Alderdi bakoitzak bere zilegizko proposamenak aurkezteko
aukera izango du. Azken batean, eta Eusko Alkartasunan defendatzen dugun lez,
Legebiltzarretan ez bada, non adieraziko dituzte bada alderdi ezberdinetako
herri ordezkariek, beren eritzi eta ekarpenak? 
            Kasu honetan Gasteizko Legebiltzarra izango da
eztabaidagune eta saio horretan Eusko Alkartasunak , aspaldian egiten ari den
moduan, egungo marko juridiko politikoa agortuta dagoela berretsiko du. Agortuta
dago, “Gernikako estatutua” ez baita gai, hamaika arrazoi ezberdinengatik, 
egungo erronkei eta errealitateari erantzuna emateko; ez EAEko errealitateari
dagokionez, eta are gutxiago Euskal Herri osoaren kasuan. Eta agortuta dago,
funtsean, irurzur egin digutelako. Jakinekoa da Nafarroan “Amejoramendu legea”
herritarrek bozkatu ere egin ez zuten legea dugula, eta Iparraldean berriz,
Estatu frantsesak ez duela Iparraldea Euskal Departamendu bezala ere onartzen.
Hau da egungo “herri argazkia”. Herri bezala bere xedeak betetzen ez dituen
hiru errealitate juridiko ezberdinetan banatutako Herri bakar bat.
            Argazki berri bat egia
bilakatu nahi dugu, oso argi izanda egungo markotik abiatu behar dugula, eta
beti ere bide demokratiko eta politikoak erabiliz.
            Horretarako Elkarrizketa
Mahai bat proposatzen dugu; eta mahai horretan, ordezkaritza politikoa duten
alderdiek behar dute partaide. Mahai honen helburua, alderdi politiko bakoitzak
bere autogobernuaren inguruko hausnarketa, diagnostiko eta ondorengo irtenbide
errezeta eta proposamenak aurkeztea litzateke.
            Norberaren zilegizko proposamenak
aurkezturik, alderdi politikoen lana eta saiakerak, proposamen ezberdinen inguruan
kontsentsu zabalenera iristea izan behar du. Adostasunik ez balego, demokrazia 
arautzen duen gehiengo eta gutxiengoen kriterioa ezarri beharko litzateke. Honela,
aldeko kopuru handiena lortutako proposamenak egingo luke aurrera eta alderdi
guztiek onartuko eta leialki errespetatu beharko lukete. Eska dakioke gutxiagorik
benetako demokrata bati?
            Eztabaida aske eta zabal honek gauzatu behar
duen mahai honen aurka inor agertuko balitz , bere izaera “ez demokratikoa”
agerian jarriko luke, bistan baita, hitzegiteko prest ere ez dagoena, ez dela
zentzu demokratikoaren jabe. Ez noa ni balizko portaera honen arrazoien bila
ikerketa bat egitera, baina  esango dut bestearen eritzi eta gogoetekiko errespetu
eza itzela ezezik,  demokrazia kontzeptu berarekiko beldurraren isla litzatekeela.
Mahai honen funtsa, gure autogobernuari buruzko gogoeta eta proposamenak plazaratzea
da, eta ez, inola ere, bakoitzaren proposamena inori inposatu nahi izatea. Guzti
guztion artean, aurreraka joan daitekeena erabat sinetsita egiten dugu proposamen
hau.
            Mahai honetan, Eusko Alkartasunak  “Liburu Gorri”
gisa ezagutzen den marko juridiko politiko berri batera iragateko bidea finkatzen
duen dokumentua mahaigaineratuko luke, azken helburutzat Euskal Herriaren  independentzia
aldarrikatzen duelarik, herri bezala dagokion eredu politikoa berau baita. Beste
alderdi batzuek federazioa defendatuko dute, edota probintzia gisa berregituratzea,
eskuduntza maila, kudeaketa hutsera mugatuz, edo beste edozein proposamen. Guztiak
zilegizkoak, guztiak mahai batean planteatu beharrekoak, baldin eta bizi dugun
gatazkari  irtenbide bat bilatu nahi badiogu.
            Elkarrizketa, proposamen
eta eztabaida  guztien ostean alderdi guztiek adostasun bat lortuko balute (bagenu),
edota gehiengoaren borondatea proposamen zehatz baten alde azalduko balitz,
Eusko Alkartasunako gizon emakumeok leialki errespetatuko genuke emaitza. Zalantzarik gabe.
Ikusteko dago beste alderdi guztiak hori bera egiteko prest dauden.
Horregatik, gure herriak merezi duen gizarte paketsu
eta normalizatuaren alde egin dezakegun keinurik onena alderdi guztion elkarrizketa
mahai bat eratzea da, zintzotasunez , borondate onez eta elkarrizketaren balioan
sinetsita. 

Jatorria: Eusko Alkartasuna