Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako zerrendaburuak izango dira hurrenez hurren. EAk ´azkeneko unean´ erabaki du Iñaki Galdos ez aurkeztea Gipuzkoako buru. Gaur egun alderdiak Madrilen diputatu bat du, Gipuzkoatik. Gaur aukeratu ditu EAk, Nazio Batzarrean, Espainiako Kongresuko hauteskundeetarako hautagaiak: Nekane Alzelai izango da Gipuzkoako zerrendaburua, Martin Aranburu Bizkaikoa eta Santi Merino Arabakoa. Zuzendaritzak aurkeztu du proposamena. Aldeko 75 boto izan dira eta kontrako bi. EA bozetara bakarrik aurkeztuko da hiru lurralde horietan, erabaki eskubidearen aldeko ´koalizio zabala´ sortzeko ahaleginak huts egin eta gero; EAJrekin, Aralarrekin eta EBrekin nahi zuen sortu koalizio hori. Nafarroan, Nafarroa Bai koalizioan aurkeztuko da EA, Aralarrekin, EAJrekin eta Batzarrerekin batera. Unai Ziarreta alderdiko lehendakariak esan duenez, ´azkeneko unean´ erabaki dute Iñaki Galdos Gipuzkoako presidentea eta Foru Aldundiko diputatua ez aurkeztea herrialdeko zerrendaburu. Alzelai EAko zuzendaritzako kidea da eta Gasteizko legebiltzarkidea ere bada. Aranburu bi karguotan izana da. EAk azkeneko legealdian diputatu bat izan du Kongresuan: Begoña Lasagabaster, Gipuzkoatik. Azkeneko hamabi urtean egon da Madrilen diputatu Lasagabaster, eta orain uztea erabaki du. Espainiako Senaturako zerrendaburuak hauek izango dira: Maite Etxaniz Gipuzkoatik, Karmele Antxustegi Bizkaitik eta Patxi Martinez de Albeniz Arabatik. Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatua da Etxaniz, Gasteizko legebiltzarkidea Antxustegi eta Arabako Aldundiko diputatua Martinez de Albeniz. EAk Madrilen senatari bat izan du legealdi honetan: Jose Ramon Urrutia. Martxoan 9an izango dira Espainiako hauteskundeak. EAko zerrendak Gipuzkoa Kongresua: Nekane Alzelai, Jesus Maria Larrazabal, Amaia Larrañaga, Juan Carlos Bengoa, Josemi Gomez, Begoña Lasagabaster. Senatua: Maite Etxaniz, Pello Urizar, Lore Martinez. Bizkaia Kongresua: Martin Aranburu, Leire Pinedo, Helena Gartzia, Idurre Bideguren, Gontzal Riancho, Alberto Bilbao, Udarriaga Abrisketa, Nestor Artola. Senatua: Karmele Antxustegi, Xabier Caño, Juan Carlos Goienetxea. Araba Kongresua: Santiago Merino, Iratxe Lopez de Aberasturi, Mariano Alava, Elisabete Balluerca. Senatua: Patxi Martinez de Albeniz, Idoia Cuadra, Gregorio Lopez.

Jatorria: Nekane Alzelai