Nafarroa Beherarekin harremana sakontzeko planengatik galdetu du Maiorga Ramírezek gaurko Osoko Bilkuran, eta EH Bilduren laguntza eskaini du “fisikoki desagertu zen muga, buru, gizarte eta ekonomia mailan ere desagertu dadin lan egiteko, eta, egun batean, baita erakundeetatik ere”. EH Bilduko legebiltzarkidea eta EAko kideak gogoratu duenez, 28.000 nafar bizi dira Nafarroa Beheran eta “horrek eskaintzen dituen aukera guztiak baliatzen” ari den galdetu du.

Ontzat eman ditu Ramirezek kontseilariak eman dituen azalpenak eta oraindik ere asko egiteko dagoen bidean sakontzearen garrantzia azpimarratu du. Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beheraren arteko harremanaren pedagogia egin dezan eskatu dio Gobernuari legebiltzarkideak, “historia, errealitatea, eta gu bezain nafarrak diren pertsonekin dugun harremana ezagutzeko; hizkuntza dugu komunean eta herri bezala garapen osoa izateko aukera eskaintzen digu bi aldeen arteko harremanak”.