Alferrik da Orain dela aste gutxi, Euskal Herriko zenbait
hedabidek Nafarroan eginiko inkesta bati buruzko datuak zabaldu zituzten. Bertan,
nafarrek etorkizunerako zuten boto borondatea azaltzeaz gain, euskarari buruzko
eta zehazki euskararen gainean erabakitako politikei buruzko iritzien datuak
ere azaltzen ziren. Esaterako, nafarren % 12k euskarari oso tratamendu txarra
ematen zaiola aipatu zuen, %3k, berriz, iritzi ona azaldu zuen. Bestalde, %
19k ez zuen iritzi positiboa, eta % 22ren ustez, egoera ez da ez ona eta ez
txarra. Datu lazgarri hauek mahai gainean edukita ere, Iruñeko ardura
duen UPN alderdiak ez ikusiarena egin du berriz ere, eta euskararen aurkako
beste erabaki bat hartu du, Durangoko azokara ez joatearena alegia.
Min egiten dio, antza, UPNren gobernuari Nafarroaren
eta euskararen arteko lotura ezin hautsi duela ikusteak. Euskarak Nafarroan
duen presentzia gutxiaraztea helburu izanik, erakundeek emandako laguntza ekonomikoak
murriztu eta euskaraz idatzitako kartelak kenaraztea izan dira, besteak beste,
UPNk hartutako neurriak. Orain arte egindakoarekin euskara baztertzea lortu
ez duenez, alderantziz, oraindik euskararen presentzia areagotu, handitu eta
sendotu nahi duenik badenez, euskaraz aritu eta idazteko gogo hori hankaz gora
botatzeko helburua jarri dio bere buruari Nafarroako gobernuak.
Egoera zaila da UPNrentzat: alde batetik, euskararen
aurkako neurriak hartzen dituzte behin eta berriz, euskara desagertu arte. Halere,
jakin badakite jarrera hori dela-eta, neurri hauek ez datozela bat nafarren
iritziarekin. Kontraesan zaila litzateke edozein alderdiarentzat, baina UPNrentzat
erraza da oso soluzioa: ustez ordezkatzen duen gizarteari muzin egin eta berriz
ere euskararen aurka jotzea. Are eta gehiago: nafar gizarte osoari egiten dio
muzin, eta nafarren zati bat bigarren mailako gizarte bihurtzen du. Antza, ezinezkoa
da euskaraz idaztea, eta euskara indartu, sendotu eta hedatzearen helburua duen
edonork Gipuzkoan, Araban edo Bizkaian idatzi eta argitaratu beharko du bere
ekoizpena.
Zein da Durangon Nafarroaren stand bat bera ez
egotearen helburua? Nafarroa eta euskararena artean loturarik ez dagoela argi
uztea? Euskaraz idatzi nahi duten nafar idazleei oztopo gehiago jartzea? Dena
dela, UPN alderdiak soberan jakin beharko luke neurri hauek euskara eta Nafarroaren
arteko distantzia handitu beharrean, hegoaldeko euskaldun eta euskaltzale denen
arteko elkartasuna areagotzen dutela, euskal abertzale ez diren nafar askori
euskara- rekiko elkartasun sentimendu izpiak sortarazten dizkiela eta euskara
ardatz duen planteamendu politiko baten ezinbesteko beharra indartzen duela.

Jatorria: Eusko Alkartasuna