Manuel María Zorrillak, EAEko Auzitegi Nagusiko presidente ohiak, Justiziaren “Manuel de Irujo” saria jaso du gaur goizean, Juan José Ibarretxe lehendakariaren eta Joseba Azkarraga Justizia sailburuaren eskutik. Laugarren aldiz ematen den sari hori aho batez ematea erabaki du epaimahaiak, pertsona eta profesional gisa izan duen jardueragatik eta erakundeekiko leialtasunagatik.

Lehendakaritzaren egoitzan, saria emateko ekitaldian, Zorrillak Justiziaren oinarrizko balioekin duen “konpromiso argia eta ukaezina” goraipatu zuen Azkarraga sailburuak, eta bereziki azpimarratu zuen sarituak gizartean utzitako oroitzapena. Horretaz gain, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak gogora ekarri zuen, EAEko Auzitegi Nagusiaren presidente izandako garaian, Zorrilla jaunak “erakundeekin erakutsitako leialtasuna”.

Laugarren sari honetako epaimahaia osatu dute, presidente lanak egin dituen Azkarraga sailburuaz gainera, Carlos Garaikoetxea lehendakariak; José Antonio Ardanza lehendakariak; Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako campuseko Zuzenbide Fakultateko dekano Javier Ezkiagak; Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekanorde Juana Balmasedak; Margarita Robles eta Garbiñe Biurrun magistratuek; Arabako Probintzia Auzitegiko fiskalburu Alfonso Ayak; eta Peio Irujok, Manuel de Irujoren ilobak. Bestalde, Justizia sailburuorde Esther Larrañagak ere parte hartu du epaimahaian, idazkari gisa.

Azkarragaren Sailak orain dela lau urte sortu zuen “Manuel de Irujo” saria. Lehen aldi hartan ETAk eraildako José María Lidón magistratuari eman zitzaion. Bigarren urtean Juan María Bandrés eta Amnesty International izan ziren sarituak, ex aequo; eta Juan María Bidarte hirugarrenean.

“Manuel de Irujo” sariaren helburua haien jarduera pertsonal edo profesionalean Justizia babesteagatik eta haren balioak sustatzeagatik nabarmendu diren pertsonak edo giza taldeak jendaurrean goraipatzea da.

Jatorria: Joseba Azkarraga