Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak Manuel de Irujori haren jaioterrian, Lizarran, datorren larunbatean, hilak 7, eskainiko zaion omenaldian parte hartuko du.

Lizarrako hilerrian 11:45etan egingo den lore-eskaintzarekin hasiko den omenaldi hori Irujo Etxea Elkarteak 2006. urterako programatu dituen ekintzen barruan dago. Programa horren bidez, euskal abertzaletasunaren, bakearen aldeko borrokaren, demokraziaren eta giza eskubide eta justiziaren erreferente handia izan zenaren nortasuna goraipatu nahi da, haren heriotzaren hogeita bosgarren urteurrenean.

Horren ildotik, Joseba Azkarragak gogoratu nahi izan du 2002. urtean Justiziaren “Manuel de Irujo” saria sortu zuela Justizia; Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, “haien jarduera pertsonal edo profesionalean Justizia babesteagatik eta haren balioak sustatzeagatik nabarmendu diren pertsonak edo giza taldeak jendaurrean goraipatu eta saritzeko”.

Eusko Jaurlaritzako sailburuak gogora ekarri duenez, “sariaren oinarrietan Manuel de Irujok haren bizitza osoan jarraitutako jokabide-arauak zehazten dira. Benetako indar eta kemenez defendatu zituen beti printzipio horiek, hala nola, gizarte-berdintasuna, banakako askatasunak, demokrazia politikoa, Justizia, Zuzenbide Estatua eta Botere Judizialaren independentzia; eta babes hori, batzuetan, egoera lazgarrietan egin behar izan zuen”.

“Manuel de Irujo” saria lau ediziotan eman da. Lehenengoa, 2002. urtean, ETAk hildako José María Lidón magistratuari eman zitzaion, hil osteko sari gisa. 2003. urtean Juan María Bandrés abokatuari eta Amnesty International erakundeei ex aequo. 2004an Juan María Bidarte abokatuari. Eta 2005. urtean Manuel María Zorrilla EAEko Auzitegi Nagusiko presidente ohiari.

Jatorria: Joseba Azkarraga