Lurralde Historikoen Legeari buruzko eztabaida hasi du gaur Eusko Legebiltzarrak. Oinarrizko gaia da Eusko Alkartasunarentzat eta etorkizunean Euskal Estaturako nahi dugun eredua definitzen hasteko balio behar digu.

Berandu dator eztabaida, Estatuta aldatzen saiatzen jarraitzeak edo bere osotasunean bete dadin eskatzeak zentzurik ez duela ikusi denean.

Hori da legebiltzarreko eztabaida planteatzean kontutan hartu beharreko zerbait. Eztabaidari ekingo diogu, zalantzarik ez. Baina une honetan gure lana eta ahaleginak Euskal Estatua lortzeko behar den prozesuan daude. Horregatik, Legebiltzarrean hasiko den eztabaidak Euskal Herria independenterako nahi dugun antolaketa instituzionala garatzen hasteko balio dezake eta balio behar du.

Bi eredu desberdin daude: batetik, erakunde instituzional indartsu eta modernoaren alde egiten duena, gizarte guztiari ongizate estatuaren zerbitzuak emateko gaitasuna duena; bestetik, hiru lurralde eta gune instituzionalen aldeko apustua egiten duena. Eusko Alkartasunak lehenengoaren alde egiten du; bigarrena neoforalismoarena da, EAJren probintzalismoa matentzen duena, edo bere izendapen berriarekin, nazio foralarena.