EUSKAL HERRIA · ERABAKIA · ADOSTASUNA Ekimen honetan parte hartzen dugun eragile politiko eta sindikalok gure herriak bizi duen egoera politikoaren garrantziaren jabe gara; aspaldian ez bezala, baldintzak sortzen ari dira urte luzetan pairatu dugun gatazka konponbiderako norabidean kokatzeko; guk, denok eta bakoitzak ordezkatzen dugun eremutik, geure ekarpena egin nahi dugu.

Euskal Herritar guztientzat eskubide guztien aldarrikapena gure egin nahi dugu; giza eskubideen, eskubide zibil eta politikoen defentsak batu egiten gaitu.

Konponbide demokratikoaren aldeko indarrak biltzea eta metatzea da gure lehentasuna. Honen aldeko herri konpromisoa da, beraz, ekimen honekin eskatu eta eskaini nahi duguna.

KONPONBIDE DEMOKRATIKOA BEHAR DUGU

Euskal Herriarentzat konponbide demokratikorako prozesua aldarrikatzen dugu. Euskal Herriak bizi duen erabakitze eskubidearen ukazio eta gatazkari, behingoz, konponbide prozesuarekin erantzun behar zaiolakoan gaude.

Konponbide demokratikorako prozesuak herritarren babesa eta laguntza eskuratu behar du, besteak beste indar handiz aurrera egin ahal dezan jasaten dituen erasoen eta jartzen zaizkion oztopoen gainetik.

Konponbide demokratikoak elkarrizketa eskatzen du, denen arteko elkarrizketa dinamika. Hori da eragile guztiei luzatzen diegun deialdia.
Konponbide prozesuak oinarri sendoak eta printzipio argiak behar ditu.
q Irekia izan behar du, eragile guztiei, inolako bazterketarik gabe, lekua emango diena.
q Euskal Herri osoari dagokio, euskal herrialde eta herritar guztiak aintzat hartu behar ditu, eta denen partehartzea ahalbidetu behar du. Gatazka politikoak Euskal Herrian bizi garen guztioi eragiten gaituen heinean, denok izan behar dugu konponbidean hitza erabiltzeko aukera.
q Euskal herritar guztien eskubide guztiak onartu eta bermatuko ditu.
q Azken hitza euskal herritar guztiek dutela defendatuko du, eta, Euskal Herriaren historia eta aniztasun politiko eta instituzionala kontutan hartuz, euskal herritarrek hitz hori emateko formulak landu eta adostu beharko dira.
q Akordio zabala lortzea du helburu prozesuak, ikuspuntu eta sentsibilitate anitzak bilduko dituen akordioa.
Bestalde, prozesuak lehia politikotik eta gatazkaren egunerokotasunetik ahalik eta babestuen egon behar du. Nazioarteko begiraleen presentzia eta esku-hartzeak lagunduko du, ezbairik gabe, prozesuak sendo jarrai dezan.
Guzti honengatik, eta irizpide hauen guztien gainean martxan jarri beharreko konponbide prozesua aldarrikatu nahian, deialdia luzatu nahi diegu gure herriko gizon eta emakumeei, anitza, zabala eta jendetsua izan nahi duen nazio manifestaldian parte hartzeko. Manifestaldia, Bilbon burutuko da apirilaren 1ean “KONPONBIDE GARAIA DA. Euskal Herria. Erabakia. Adostasuna” lemapean, eta Aita Donostia Plazatik irtengo da arratsaldeko 17:30etan.

Jatorria: Eusko Alkartasuna