Martin Aranburu Karrera Katalunian izan zaretenok jakingo duzue bertako errepideetan dagoen peaje kopurua. Denek ordaintzen dituzte han peajeak. Baita Mas eta Zapaterok ere. CiUk eta PSOEk bere garaian elkarrekin egindako argazki baten peajea ordaintzen ari dira egunotan Katalunian.

Zintzoki harrituta. Halaxe nago Kataluniako Gobernu-osaketaren albistea entzun eta gero. ERCk hartutako erabakiaren aspektu batek harritu nau, eta PSCk PSOErekiko frogatu duen autonomiak merezi du analisia.

Masen eta Zapateroren argazkia publiko egin zenetik, Gobernua osatzeko CiUren indarra nahikoa izango ez zela jakinik, ERC bere unearen zain egon da. Hauteskundeak pasatuta, ERCren analisia zuzena izan da: CiU bigarren kide baten laguntzaren zain geratu da, baina ERCk garbi asko zuen gobernua ez ziola CiUri emango. Estatutaren prozesuan koaliziokoek izandako azpijokoak peaje politikoren bat ekarri behar zuten Masentzat, errepublikanoen aburuz. Beste aspektu batek gehiago harritu nau. Gobernuko ERCko ordezkarien artean Carod-Rovira eta Puigercós daude; biek ala biek ardura garrantzitsuak hartuko dituzte gobernuan, eta, alderdi barruko karguei eutsiko diete. Katalunian, ordezkaritza instituzionala duen alderdi independentista bakarraren bi kudeatzaile nagusiak gobernu ardurekin ikusteak galdera batera bultzatzen nau: nor arduratuko da alderdiaz? Independentismoaren etorkizuna ez da tripartitaren arrakastan oinarritzen, neurri handi batetan CiUk dituen sektore independentisten lorpenarekin lotzen dut nik ERC eta independentismoaren arrakasta. Zalantza askoko etorkizuna duen gobernu batekin lotzen dute beren burua… eta alderdiarena.

PSCren erabakia da bigarren aspektu harrigarria, nire ustez. Zehazkiago esanda, PSOErekiko erakutsi duen autonomia. Espainiako hauteskundeak bistan direla (baietz 2007ko udazkenean!!!), Cortesetan gehiengoa eman diezaioken aukera guztiak izan nahi zituen Zapaterok, besteren artean, CiUrena. Beraz, hautua erraza zen: Mas president egin, PSC oposizioan eduki eta Espainiako hauteskundeen araberako erabakiak hartu Madrilen eta Bartzelonan akordio berdina inplementatuta. PSCk, ordea, ez du joko horretan sartu nahi izan. Masekin argazkia egin zuen unean gauza oso garbia esaten zion PSCri Zapaterok: neu nagusi. PSCren autonomiari muzin eginez, Kataluniako hautesleei PSOEren beharren arabera mugitzen zen PSC ahuldua aurkeztu zien. Oraingoan buelta etorri zaio Zapaterori. Oraingoan buelta etorri zaie biei, eta Zapaterok Kataluniako errealitatearen beste aspektu garrantzitsu bat ezagutu du: denek ordaintzen dituzte han peajeak.
Jatorria: Martin Aranburu