Alkartasun Eguna ospatuko du igandean Eusko Alkartasunak, Alkartasuna mugaz gaindi lelopean. Aurten Hendaian dute hitzordua militanteek, bertan egingo baita ohikoa den ekitaldi politikoa. Egitarauaren berri eman dute gaur goizean Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak, Pello Urizarrek, eta Komunikazio idazkariak, Ikerne Badiolak, Donostiako egoitzan izandako prentsaurrekoan. Aurtengo Alkartasun Eguna “testuinguru berezian” egingo dela esan dute biek, Kataluniako hauteskundeen atarian egingo baita. Zentzu honetan, Urizar eta Badiolak esan dute “inbidiaz” ikusten dutela kataluniar prozesua eta hori kapitalizatzeko deia egin dute. “Prozesu konstituziogileak garatzeko dugun aukera alferrik galtzen uzten badugu, posible da atea itxi eta urte asko igaro behar izatea berriro zabaltzeko”, esan dute Eusko Alkartasunako zuzendaritzako kideek.

“Geldirik eroso daudenen aurrean” Eusko Alkartasunak Euskal Herria “subiranotasun politikoa eta ekonomikoa lortu dezan” lan egiten duela azaldu dute Urizarrek eta Badiolak, “horrela justizia sozialean oinarritutako gizartea egin ahal izateko”. Zentzu horretan, EAJ gizartearen aurrean gor dagoela esan dute. “Modu horretan bakarrik uler daitezke Andoni Ortuzarren hitzak Kataluniak hasi duen bidearen inguruan”, esan dute.

Jarraian, EAJ “geltokian trenak pasatzen ikusten dagoen bidaiaria da, dagoen tokian eroso dagoelako eta ez du ez aurrera ez atzera egin nahi”, adierazi dute eta, aldi berean, aldarrikatu dute euskal gizarteak ezin dituela “tren gehiago galdu”.

EAJ-PSE hitzarmena

Urizar eta Badiolak EAJ-PSE hitzarmena kritikatu dute, “ez delako ona Euskal Herriarentzat”. Eusko Jaurlaritzak egindako txostenaren ondorioei begira baieztatu dute hori -Legebiltzarrera bidaliko duena-. Bertan esaten denez, “Estatutua ez betetzea euskal gizarteari kalte egiten dio”.

Eusko Alkartasunako zuzendaritzako kideek Iñigo Urkullu eta Andoni Ortuzarri galdera zuzen luzatu diete, egoera honetan zer egingo duten argitzeko. “Eusko Jaurlaritza jendartearen ongizatearen defentsan aritzera derrigortuta dago eta Eusko Alkartasunak lan egiteko deia egiten die”, azpimarratu dute eta ondorengoa gaineratu dute: “Zintzotasunez egiten badute, konturatuko dira paktatu duten bidea, Estatu espainiarraren aurrean ez dela baliogarria. Estatuari beto eskubidea ematea, EAEko Ongizate Estatua kaltetzea da. Eusko Alkartasunak argi dauka, subiranotasuna da justizia sozialean oinarritutako gizarte bat eraikitzeko bide bakarra”.