Joseba Azkarraga sailburuak adierazi duenez, dagoeneko aro berrian gaude, eta aro berri horren arrasto bi dira nagusi: batetik, “biolentzia terroristaren arazoarekin amaitzeko itxaropena”, eta, bestetik, “konpontzeke dagoen arazo politikoa; zeina, ondo bideratuz gero, nazio askoko estatu honen herri desberdinen arteko bizikidetza irmoagoa eta oparoagoa izango den”. “Aurrean horizonte berria eskaintzen digun prozesua, itzulezina, dugulako” uste osoa agertu du.

Jarraian, Azkarraga sailburuaren solasaldiaren garrantzitsuena nabarmentzen dugu:

“Gaur egun, konponbidea bilatzea posiblea da. ETAk martxoaren 22an iragarritako “su-etena iraunkorra”k lasaitu ederra eta zentzuzko itxaropena eragin zigun batzuoi. Bide berrian ibiltzen hasten uzten ziguten, azkenean. Azken buruan, ETAren desagerpena aurreikus daiteke, eta, horrela, konponbideez hitz egiteko dagoen oztoporik handiena saihestu da”.

“Ezinbestekoa zen biolentzia, mehatxua, terrorea eta xantaia eguneroko bizitzatik kentzea, bakea eta normalizazio politikoa ekarriko duen prozesuari ekiteko”.

“Ildo horretatik, 2006a nola hasi den gogorazi nahi dizuet: ETA jardunean, eta, bitartean, Audientzia Nazionalak Batasunaren ekimen politiko bat debekatuz; eta bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua berresten duen eztabaida amaitzeko aurreikusitako ekimen politikoaz ari gara.

“Erabateko kontraesana da politika eta justizia arloek euskal gizartearen zati hari luzaroan behin eta berriro esatea proiektuak eta helburu politikoak defendatzeko bide politikoak badaudela, eta, gero, beroiei baliabide demokratikoen bitartez eztabaidatzea debekatzea”.

“Begi-bistakoa da jarduera terroristari erantzun behar zaiola, baina erantzun horrek ezin ditu bermeak, ezta oinarrizko askatasunak ere, arriskuan jarri. Nire ustez, demokraziaren handitasun morala hau jakitean datza, hain zuzen: askatasunaren defentsa artikulatzeak mugak ditu, eta muga horiek gainditzeak biolentzia instituzionalak gainezka egiteko arriskua ekar lezake”.

“ETAren ekintzen aurrean Batasunak izandako isiltasun konplizea salatu dut maiz; nire ustez, jarrera mespretxagarria zen, eta horrelaxe adierazi dut. Baina kontu bat da jarrera jakin batzuek mespretxua edo gaitzespen morala merezi izatea, eta beste kontu bat, oso bestelakoa, isilune horretan aitzakia topatzea, askatasunaren balioen izenean, beste eskubide batzuk murriztu nahian.

“Baina, bestalde, Justizia-arloan hartzen ari diren beste erabaki batzuetan, nolabaiteko bultzada politikoa antzematen dut, tamalez. Bi adibide berri samar eta garrantzitsuak jartzearren: zigorrak erredimitzeari aplikatu beharreko doktrina berrikusteko erabakia; eta ezker abertzaleko buruzagi kualifikatuen jarduera publikoaren gaineko esku-hartze judiziala.

“Bi kasuetan saiatu da iritzi publikoari ideia hau helarazten: Zuzenbide Estatuak Legea darabil bere burua biolentziaren erabileraren kontra defendatzeko. Baina gertatutakoak ez dio zehazki erantzuten arau horri. Egoera horren beldur naiz: ideia gorenen izenean ez ote dira oinarrizko eskubideak urratzen ari?

“Justizia emateko ardura korapilatsuan esku hartzen duten gehien-gehienek profesionaltasunez jokatzen dutela defendatu dut beti, eta jarraituko dut defendatzen beti. Dena den, gero eta nabarmenagoak dira arlo judizialean borrokatzen diren interes politikoak, eta, zoritzarrez, arlo hori ere ez da alderdien manipulaziotik kanpo geratzen”.

“Penaz esaten dut. Baina komentatzeko beharra daukat, egia baita euskal egoera politikoaren eta bere konponbideen gainean esku hartze judizialak eragin nabarmena izan duela, eta etorkizunean ere izan dezakeela.

“Lan poliziala eta judiziala garrantzitsua izan da terrorismoaren kontrako borrokan. Inork ezin du ukatu hori. Baina, ez poliziak. ez auzitegiek ez dute konponbide politikoak eskaintzerik, eta horiek dira, hain zuzen, euskal gatazkaren amaiera ekarriko duten bakarrak. Gainera, ez dago amaiera hori ETAren amaierarekin parekatzerik”.

“Gizartearen sektore bati pentsatzeko eta adierazteko askatasuna ukatuz gero, ez dugu demokrazia indartzen; aitzitik, ahuldu egiten dugu. Eta hori esan dudan bezala, beste hau ere badiot: pertsonen eta ondasunen kontrako biolentzia adierazpenik txikiena ere ez dugu onartuko.

“Oso argi geratu behar da biolentziaren adierazpenik eza ezinbesteko betebeharra dela gizarte- eta politika-eztabaida garatzea egon dadin. Horrenbestez, “su-eten iraunkorra” egonik, ez dago su-eten horretatik kanpo gera daitekeen inolako esparrurik edo sektorerik.

“Hona zer dugun jokoan: etorkizunean bakeaz bizikide izatea, eta hori garrantzitsuegia da alderdien interesen pean uzteko. Horregatik ditudan bi uste sendo azaldu nahi dizuet: lehengo eta behin, gaur egun bake justua eta iraunkorra lortzea inoiz baino posibleagoa dela; eta, bestalde, alderdi politiko guztion artean, euren burua baztertu nahi dutenak izan ezik, Euskadiren eta Espainiaren arteko hitzarmen berriaren nondik norakoak adosteko aukera izango dugula”.

“Gaurko egoerara heltzen zenbait elementuk lagundu dute. Lehenik biolentziaren kontrako gizarte-uholdea aipatu nahi dut. Edozein helburu lortzeko armak baliatzearen kontra herritarrek erakutsitako arbuioaren indarra hain handia izan denez, biolentzia erabili dutenek edo hori babestu dutenek ez dute hilketak justifikatzen jarraitzerik, eta, horretan, Irailak 11ko eta Martxoak 11ko sarraskiek zerikusi handia izan dute”.

“Sentimendu horrek Batasunaren bilakaeran ere eragin nabarmena izan du, eta Donostian, 2004ko azaroaren 14an, aurkeztu zuen eskaintza politikoan, dagoeneko Anoetako proposamena bezala ezagutzen dugun horretan.

“Bestalde, PSOEko gobernuak elkarrizketaren alde adierazitako borondatea beste elementu klabe bat izan da. Rodríguez Zapatero presidenteak Diputatuen Kongresuaren babesa bilatu zuen iazko maiatzean, biolentzia elkarrizketa bidez amaitzeko. Pauso hori erabakigarria izan zen. Beheko Ganberan ordezkatutako talde guztiek –PPk izan ezik– lagundu eta babestu genuen. Gobernuko presidente batek ez du orain arte hainbesteko babesa izan inoiz gatazka hau elkarrizketa bidez konpontzeko”.

“José Luis Rodríguez Zapaterok funtsezko erantzukizuna duela ulertzen dut. Zentzudun eta egoki deritzot arinegi ez jokatzeko hartu duen erabakiari. Diputatuen Kongresuaren ebazpenak jasotzen du ETArekiko elkarrizketari ekiteko, biolentzia alde batera utzi behar du argi eta garbi, eta hori egiaztatu behar da. Eta, dudarik gabe, horretarako, denbora beharko da”.

“Baina kontu bat da arinegi ez jokatzea eta beste bat da, berriz, zain geratzea. Nik, bai, uste dut ageriko keinuak, zehatzak, egin behar direla, alegia: gaur egun espetxeetako erakundeen ardura dutenek presoak euren jatorrizko lekura gerturatzea”.

“Hori ez da demokraziak amore ematea, inola ere. Eusko Legebiltzarrak eta Diputatuen Kongresuak babestutako eskaera da; orain arte erabaki biei muzin egin zaie. Horrenbestez, ez naiz prezio politikoaz ari”.

“Terrorismoaren kontrako borroka ikurritz bezala hartuta, eskuinaren zenbait organizazio zigorgabetasunaren kontrako gurutzadaren aitzindari dabil, halakorik ez dagoen arren. Estatuko fiskal nagusiari ahulezia edo etsipena leporatu zaio; salaketa horiek bidegabeak dira, gezurrezko elkarrizketa politikoaren fruitu, errealitatearenak baino. Orobat, Eusko Jaurlaritzari terrorismoaren biktimak ahaztea leporatzen zaionean, hori ere salaketa faltsua da”.

“Kide nauen jaurlaritza etengabe ari da lanean terrorismoaren biktimak aitortzeko, laguntzeko, haiekin batera aurrera egiteko eta haiei elkartasuna adierazteko politiken alde”.

“Bake eta Bizikidetzaren aldeko Plana amaituta dugu, eta hain tratu bidegabea nozitu dutenei bizitza errazteko behar diren neurriak antolatzen ari gara. Eta, batez ere, euren duintasuna zaindu beharra defendatzen dugu”.

“Inork, ezta terrorismoaren biktimek ere, ez dute bake-prozesua eta bide horretan aurrera egiteko gobernuak hartu beharreko neurriak baldintzatzerik. Ideia horretakoa naiz”

“Denok akordio-esparruak bilatzen ahaleginduko garelako itxaropena dut. Eta, horretarako, ezinbestekoa da gatazka leuntzeko eta giza legez bideratzeko aurrerapausoak egitea”.

“Gainera, nire ustez premiazkoa da bi mahaiak eratzea: Gobernuaren eta ETAren artekoa, organizazio horren amaieraz eta espetxe-politikaz aritzeko; eta alderdi guzti-guztiak, bazterketarik gabe, batu behar dituena, normalizazio politikoarekin lotutako kontuak eztabaidatzeko, hizpide hartzeko eta negoziatzeko”.

“Baita euskal sozialistek ere mahai bikoitzaren sistemaren aitatasuna erreklamatu dute, arazoari aurre egiteko modu egoki gisa. Ez dago ulertzerik, beraz, Espainiako Gobernuko presidenteak –El País egunkarian 26an argitaratutako elkarrizketan– “mahaien dinamika gainditutzat” jotzea.

“Baliteke PP gerturatzeko ahaleginetan, diskurtsoaren zenbait gauzatan amore ematera behartuta egotea, baina berak primeran daki erroan dagoen arazoari aurre egiteko elkarren ondoan eseri beharra dagoela. Ez da izango, baina, Zapaterok eztabaida politikoaren fokua Euskadira eraman beharrean Moncloan egitea nahiago duela? Errore itzela”.

“Bi mahai horien protagonistak desberdinak dira. Batean, Espainiako Gobernuak eta ETAk euren kontuez hitz egin beharko dute; baina euskal alderdi politikoen mahaian, ez ETAk, ez Espainiako Gobernuak ez dute zer esanik.

“Gu –eta bai partaide nauen jaurlaritzaz, bai kide nauen alderdiaz ari naiz– ez gara oztopo izango, baina argi utzi nahi dut armak entregatzea eta espetxeetako politika direla mahai horren jarduera eta konpromiso eremu bakarrak.

“Eta, beste alde batetik, mahai politikoa (horrela deituko diogu) eratu behar da, alderdi eta sentikortasun guztiak ordezkatuta, inolako bazterketarik gabe. Eskuinak foro hori –denok bilduko lukeena– ukatzen du. Ez du Ezker Abertzalea deitutarikoa ordezkatzen dutenen ondoan eseri nahi”.

“Baina, ¿nola imajinatu liteke konponbidea Batasunak ordezkatzen duen gizarte-sektorea kanpoan utzita? Ba al dago aurkakoen arteko elkar-ulertzea defendatzerik, gizartean babesa duen indar bat baztertuta? Ba al dago arazoak konpontzerik, arazoaren parte dena, eta, era berean, konponbideena, baztertuta?

“Nire ustez, ez. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak foro hori pizteko konpromisoa hartu du, eta etorkizuneko alderdien mahaiaren oinarriak jartzen saiatzen ari gara; horrela, datorren uda igaro ostean era liteke”.

“Arazoa ETAren izate hutsean mugatuz gero, akats handia egingo genuke, ondorio kalkulaezinak izango lituzkeena. Kontua ez da hori. Organizazio terrorista sortu aurretik bazegoen arazo politiko bat, eta berori konpondu behar da”.

“Hitzarmen bidez ezartzen diren elkarrizketarako lanabesak eta prozedurak bultzatzeko prest gaude, hiru oinarrizko konturen gainean adostasun integratzailea lortze aldera: ETAren desagerpena; Euskal Herria erabakitzeko nor badela onartzea; eta estatuarekiko alde biko ituna”.

“Nire aburuz, kontu horiek zelan eztabaidatu aurretik adostu ezean, ez luke “alderdien mahai erabakitzailea” sortzea zentzurik izango.

“Inork ezin du eztabaidaren mamia mugatu. Alderdi guztiek mahai horretara bere proposamen politikoak eramateko eta askatasun osoz defendatzeko aukera izan behar dute. Orobat, euskal herritarrei elkarrizketaren amaieran akordioa eta erabakia egongo dela esan diegu”.

“Eusko Legebiltzarrari ondoko eskabidea egitera konprometituta gaude: biolentziarik eta bazterketa politikorik gabe, euskal gizarteari herri-kontsulta egiteko, alderdien mahaian lortutako akordio politikoa berreste aldera.

“Eusko Legebiltzarrak ezarri beharko du kontsulta nola egin, eta, hor, dudarik gabe, sor daitezke desadostasunik handienak: zer gehiengo behar da eremu juridikoa eta politikoa aldatzeko? Alderdi bati betoa jartzeko gaitasuna eman ahal zaio? Edozein gehiengok balio du, besterik gabe, portzentajea alde batera?

Nire ustez, albait adostasunik handiena lortu behar da; baina ezinezkoa balitz, gehiengoaren arauak aplikatu behar dira, horiek arautzen baitute sistema demokratikoa. Nire aburuz, ehuneko 45ek ezin dio ehuneko 55i eragotzi oraingo eremu politikoa eta juridikoa ordezkatzean aurrera egitea. Kanadan edo Israelen, adostasun handiagoa lortu ezean ehuneko 51, edo Israelen 61 diputatu, aski da, eta h horrelaxe komentatzen dute, naturaltasun osoz, Espainiako aztertzaile politikoek. Gure kasuan, berriz, transbertsalitate kualifikatua exijitzen digute!

“Horregatik, batzuk elkarrizketa saihesten saiatzen dira, eta gure aurrean urratzen ari den bide itxaropentsua pozoitzen dabiltza. Oztopatze-estrategia horrek ez du aurrera egingo; hala espero dut. Nolanahi ere, gobernutik kanpoko palanketatik, eta batzuetan legegintza-boteretik kanpoko palanketatik ere, zenbaitzuek eragin nahi duten tutoretzaren menpe ez egoteko exijitzen diot gobernu sozialistari.

“Banago mota guztietako oztopoak gainditzeko ausardia, malgutasuna eta tolerantzia behar ditugula lanabes. Badakit balitekeela porrota nahi duten indar oso boteretsuak egotea; baina, indar horiek edonon egonda ere, bake justu eta iraunkorraren ideia hain da indartsua, non indarrok neutralizatu ahal dituelakoan nago.

“Seguru nago elkarren ondoan esertzea bide bakarra dela; konpromisoa hartzeko gauza izatearena eta, guztion artean, etorkizuna hobea lortzen saiatzearena”.

“Atea zeharkatu dugu. Dagoeneko bake-bidean gaude. Ez diot gauzak errazak izango direnik, baina sinistuta nago behin arazoak konpontzeko elkarrizketa klabetzat onartuz gero, eta demokrazia konponbide bakartzat joz gero, aro berriak biolentziaren orri triste eta tragikoa betiko pasatzen utziko digula”.

“Baina hor ez da dena amaituko. Gure herriarentzat zein etorkizun nahi dugun ere erabaki beharko dugu euskaldunok. Baldin eta proiektu politiko guztiak baldintza-berdintasunean defendatzea badago, era berean, proiektu politiko guztiek gauzatzeko aukera izan beharko dute. Horren ordua ere helduko da”.

“Horri ekiteko, jakina, gainerako herriekiko errespetua izan behar dugu abiapuntu, baina, era berean, bizikidetza bermatzeko hartzen dugun erabakia guri ere errespetatzeko eskatu beharko dugu”.

Jatorria: Joseba Azkarraga