Eusko Jaurlaritzako sailburuak deszentralizazioa burutu dadin eskatu du, hori erdizkakoa izango baita legegintza-boterera eta botere exekutibora ez ezik botere judizialera ere iristen ez den bitartean

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak adierazi duenez, ´garrantzitsuena konpondu gabeko arazo politikoari aurre egitea da, eta horri erantzun nahi dio Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutu berriak´. Haren iritziz, erantzun horretarako beharrezkoa da ´borondatea´ eta ´malgutasun demokratikoa´ izatea, ´bi alderdientzat onargarria izango den adostasunera´ iristeko. Adierazi zuenez, borondate horri esker antolaketa modernoa eman ahal izango zaio Justizia administrazioari, administrazio, eskumen, eta gobernu-arloko deszentralizazio egoki batekin; eta hori ´ona izango da Justiziarentzat eta gu guztiontzat´.

Botere Judizialaren Udako Eskolak A Coruñako Pazo de Mariñán-en antolatutako mahai inguru batean parte hartu du Azkarragak gaur goizean, Andaluzia, Katalunia eta Valentziako sailburuekin batera, ´Autonomia Erkidegoen eskumenak: dauden arau eskas eta desegokiak; giza baliabideak eta baliabide materialak´ izenburua duen mahai inguruan alegia.

Eusko Jaurlaritzako sailburuak lehen eskutik aurkeztu zituen Estatutu Berriaren Proposamenak Justizia arlorako jasotzen dituen ildoak. Horren aurretik, ´Gernikako Estatutuarekin egiten ari den lege-iruzurraren froga gisa´ aipatu zuenez, Estatutuari dagozkion eskumenen subrogazioa ez da egin Euskal Autonomia Erkidegoan, estatutuan jasotzen den bezala.

Hala, azpimarratu zuenez, Eusko Jaurlaritza osatzen duten hiru alderdiek sustatzen duten proposamen politiko berriak Botere Judiziala ere jasotzen du, Botere Exekutiboarekin eta Botere Legegilearekin batera osatu ditzan gure autogobernuari dagozkion hiru botereak. ´Deszentralizazioa herren zegoen, eta osatu egin behar da´, baieztatu zuen Azkarragak, eta adierazi zuenez, horretarako beharrezkoa da ´instantzia guztien amaiera Euskadin bertan dituen botere judiziala edukitzea, eta Estatua ordezkatzea gure Erkidegoko Justizia Administrazioan, Estatuan jarraitzen diren prozesu-printzipio eta oinarrizko eskubide berberak aplikatzeko muga bakarrarekin, eta Estatu zein Europa mailako koordinazio eta elkarlanerako esparru baten diseinuarekin.

Hori dela eta, logikoa iruditu zitzaion edukiarekiko desadostasunak egotea, baina egin zaizkion erabateko deskalifikazioak arbuiatu zituen, haren ustez ez dagoelako inolako hausturarik batasun jurisdikzionalaren printzipioarekiko. Azkarragaren esanetan, ´Eusko Jaurlaritza egungo legalitatetik abiatu da bere proposamena egiterakoan, eta legalitate horren barruan mugitzeko asmoa dauka´; izan ere, haren ustez, ´ez gaude haustura-esparru batean, eztabaida-esparruan baizik, elkarbizitzarako itun berri batera iristeko´, eta ondorioztatu zuenez, ´Zuzenbidea ez da aldaketak eragozteko tresna, horiek errazteko lanabesa baizik´.

Azkarragak adierazi zuenez, Justizia gaietan eskumenak dituzten erkidegoetan azken urteotan egin diren lanetan Euskal Autonomia Erkidegoak gogotik jardun du, baina Justizia Administrazioa herritarren zerbitzura jartzeko egin eta partekatu diren diagnosi eta ekarpen asko ez dituzte Madrilen kontuan hartu, eta haien politikarekin jarraitu dute, jaramonik egin gabe, askotan salatu den eredua iraunaraziz. Azkarragaren iritziz, ez da kexatzeko garaia, baina bai ´kezka eta ezinegona baino sortzen ez duen ibilbidea zuzentzekoa´.

Sailburuak gogorarazi zuen Eusko Jaurlaritzak 1987 urtean jaso zuela baliabide materialen eskumena, eta lehen mailako zerbitzu publikoa emateko inbertsioak egiteko konpromisoa hartu zuela; apustu estrategiko hori ´ez da aldatu, eta Euskal Autonomia Erkidegoa erreferentzia bihurtzera iritsi da´. ´Bederatzi urte beranduago giza baliabideen eskumena iritsi zen, baina Justizia Administrazioaren Zerbitzuko Langileen Estatutu Juridikoak izan duen arautze kezkagarria benetako mehatxua da izan da eskumena eraginkortasunez aplikatzeko, eskumenen interferentziazko sistema ezartzen duelako´, azpimarratu zuen.

Zuzentzen duen Sailak egindakoa birpasatu zuen Azkarragak. Hala, Egoitzen Planaren amaiera aipatu zuen. Plan horren bidez, barruti judizial guztietako azpiegiturak berritu ziren, 180 milioi euro inguruko inbertsioarekin. Horretaz gainera, hasitako berrikuntza teknologiko sakona ere ekarri zuen gogora. Horren bidez informatizazio osoa burutuko da, eta 48 milioi euro baino gehiago inbertitu dira dagoeneko. Era berean, gogorarazi zuenez, zerbitzu erkideak eta herritarrak informatzeko bulegoak ugaldu egin dira, eta 15 epaitegitan kalitatea hobetzeko esperientziak aplikatu; Auzitegiko Medikuntzako Erakundea errealitate bat da dagoneko; eta hizkuntza-normalkuntzarako Dekretua era onartu zen, beranduago Ministerioak Auzitegi Konstituzionalean inpugnatu zuen arren.

Adierazi zuenez, Giza Eskubideen gaian dauden politika aurrerakoienak sustatu eta garatu dira, eta modu eredugarrian betearazten ari dira gazte-justiziako programak, balioen hedapenerako eta Justizia herritarrari gerturatzeko ekimenak abian jartzeaz gainera, ikastetxeetako ikasleentzako eta Zuzenbideko ikasleentzako irakaskuntza-ibilbideen bitartez eta eskubideen katalogoak eta gida-liburuak argitaratuz herritarrentzat. Horrekin guztiarekin batera, Justiziaren Euskal Behatokia era abian da, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren ikasketen, eztabaidaren, dokumentazioaren eta azterketaren gune gisa.

Etorkizunari begira, oro har, bulego judizialaren kontzeptu- eta antolaketa-definizio berri baten alde agertu zen; eskualdatutako langileen eskumen zuzenak eskatu zituen Autonomia Erkidegoentzat; lan-metodoak arrazionalizatzeko eta modernizatzeko beharra azpimarratu zuen eta Hizkuntza Normalkuntza premiazkoa dela adierazi zuen, forma edo baieztapen hutsetatik haratago doan benetako elebitasunarekin.

Jatorria: Joseba Azkarraga