Kataluniako independentziara zuzenean doan suziria ziztu bizian doa. Ez dago atzera bueltarik. Badoaz eta atzean utziko du Estatu espainarra, zein oraintxe konturatu den arazo bat daukala Katalunian. Mariano Rajoyk Kataluniari buruz zerbait esatearen beldur zen, bazekielako zerbait esaten zuen momentuan bertan esandakoa errealitate bihurtuko zela: Estatuak arazo bat du Katalunian. Errealitateak, ordea, espaniar Estatuko presidentea zapaldu du. Junts Pel Sík eta CUPek Parlamentuan Katalunia independiente bat lortzeko ebazpen proposamena aurkeztu dute.

Eusko Alkartasunak historikoki defendatu du subiranotasuna eta independentziaren bidean gehiengo sozial eta politikoak behar direla. Junts Pel Sík eta CUPek lortutako akordiako baieztatu egiten du defendatzen dugun bide hori egokia dela, gehiengo batek beldurrari aurre egin diezaiokela bere nahia balioetsiz. Parlementu berriak 18 hilabete ditu aurretik, zeinetan Estatuko estamentuek Katalunia iraindu, mehatxatu eta erasotuko duten, ez bakarrik sare instituzionala, baita gizarte eta enpresa sektorea ere. Baina Kataluniak, orain arte egin bezala, aurre egingo dio egoera horri. Jada, ez dago, Katalunia geldituko duenik.

Euskal Herritik inbidiaz begiratzen dugu Katalunia, beti onartu dugu. Baina batzuen epelkeriak gizarte katalanak hartutako bideari jarraitzea ostopatzen dio euskal gizarteari. Iñigo Urkullu jeltzaleak Espainiako erregearen aurrean paktua aldarrikatzen duen bitartean, kataluniar independentistek haien desadostasun guztiak alde batera utzi dituzte -eta asko dira- eta elkartu egin dira haien herriari on egiteko. Orain dela urte bete “zapata kaxetan” bozkatu zuten eta, orain, independentzia lortzear daude. Itzulerarik gabeko puntua pasa dute eta ez dute atzera egiteko intentziorik.