Bigarren urtez eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta Bergarako UNEDeko Ikastegiaren ekimenez, Iparraldeko ikastetxeetako 32 ikaslek egun hauetan (ekainaren 2an eta 3an) euskaraz egiten dituzte Portugaleteko UNEDen selektibitate-probak.

Hau da ekimen hau gauzatzen den bigarren urtea eta Iparraldeko familien eta ikasleen premia bati eta etengabe egin duten eskaerari ematen die erantzuna. Izan ere, selektibitate-probak euskal unibertsitate-sisteman egin ahal izatea eskatu zuten duela urte asko irakaskuntzak euskaraz ematen dituzten Iparraldeko ikastegiek eta ikasle horien familiek. Ordurarte zuten aukera bakarra selektibitatea gaztelaniaz eta Parisko UNEDen egitea zen eta horrek arazo handiak sortzen zizkien: Parisera joan beharra eta probak gaztelaniaz egin behar izatearen ondorioz zituzten emaitza negatiboak, euskaraz eta frantsesez ikasten baitzuten ikasle horiek.

Eskaera historiko honi erantzuna ematea izan da beti Anjeles Iztuetak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuak, legealdi honetan bere buruari planteatu dion erronketako bat eta, nahi zuena bete eta arazo bat kopondu izanagatik pozik egoteaz gain, eskerrak ematen dizkio UNEDi helburu hori lortzeko eman duen laguntzarengatik eta erakutsi duen jarrera ezin hobearengatik.

Proba horiek antolatzeak planteatzen dituen zailtasunak kontuan hartuta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak jartzen ditu egiteko behar diren aparteko baliabideak, galdetegien itzulpena eta irakasleen joan-etorriek eragiten dituzten gastuak, alegia.

Anjeles Iztueta Sailburuak euskara normaltzeko prozesuan urrats inportantetzat jotzen du UNEDekin izenpetu den akordio hau, euskara unibertsitatean erabiltzeko hizkuntza gisa onartu eta garatuko den aldetik.

Jatorria: Anjeles Iztueta