Iparraldeko hiru herrialdek atzo gauetik elkargo izateko bi ezaugarriak betetzen dituzte: Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan dauden 158 udalerrietatik 80ek baiezkoa esan diote elkargoari, biztanleriaren %55ak bezalaxe. Horrela, Iparraldek errealitate administratibo berri bat osatuko du 2017ko urtarriletik aurrera. EAk atseginez hartu du elkargoaren osaketa, herritarrek hainbeste denboraz eskatutakoa.

Hain zuzen ere, elkargoaren osaketa esparru politiko eta sozialaren gehiengo zabal batek babestutako proposamena izan da. Atzo gauetik, errealitate izango dela dakigu eta datorren urtarriletik aurrera hiru herrialdeek eskumen berriak kudeatzeko gai izango dira, ogasuna, garapen ekonomikoa eta hirigintza, besten artean. Gainera, elkargoak 100 milioi euroko aurrekontua izango du. Ez hori bakarrik: lehen aldiz Eusko Jaurlaritzak hizketakide ofiziala izango du Bidasoaren beste aldean eta, gainera, ipar eta hegoaldearen arteko erlazioak estutu eta politika amankomunak garatzeko aukera izango da –Nafarroan aldaketaren Gobernuarekin gertatu bezala-.

Bere sorreratik aitortu du Eusko Alkartasunak independentziarako bidean hiru errealitate administratiboek bakoitzak bere gizartearen erritmora ibili behar zirela. Zentzu honetan, EAk “oso positibotzat” jo du elkargoa lortu izana eta azpimarratu du lanean jarraituko duela “independentziaren bidean errealitate bakoitzaren denborak errespetatuz”.