Sabin Intxaurraga Lizarra-Garaziko
akordioaren ondoren ETAk su-etena indarrean jartzean, Euskal Herrian sortu zen
itxaropen eta ilusioa, baita alderdi abertzaleen arteko lankidetza-garaiak ere,
zoritxarrez, iraganeko kontuak izanik, badirudi abertzale eta ezkertiar garenok
une pozgarrian sartu garela aurtengo Aberri Egunera begira AB, Aralar, Batzarre,
EA eta Zutik taldeek adostu duten manifestuaren edukiak ikusirik.
Indarrak uztartzen,
zubiak eraikitzen agirian bost talde hauek modu argi eta garbian adierazten
dute Euskal Herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea
duela eta, ondorioz, gure Herriaren autodeterminazio eskubidea defendatzeko
konpromiso sendoa hartzen dute.
Era berean, alde
batetik, estatu espainiarrari eta frantsesari eskubide demokratiko hori errespeta
dezatela eskatzen diete eta, bestetik, ETAri, euskal herritarren hitza eta erabakia
errespetatuz, su-etena deklara dezala, distentsio garai berri batez guztion
arteko elkarrizketa jorratzeko baldintzak lor ditzagun, eta halaber, alderdi
abertzaleok nazio eraikuntzan urrats azkarrak egiteko ditugun proiektuak ados
ditzagun.
Horrez gain, bost
taldeek euskal nazioa egituratzearen aldeko lan hori justizia sozialean oinarriturik
egon behar dela adierazten dute eta Euskal Herriak Europako partaide, hau da,
Herrien Europako partaide izan behar duela, modu solidarioan Hirugarren Mundua
esaten zaionari begira dagoen Europarena.
Manifestua izenpetzen
duten bost indar politikook bakegintza eta normalizazio politikorako proposamenak
lantzeko konpromisoa hartzen dute, bakoitzak bere ikuspuntu eta oinarri ideologikoetatik
ekarpenak eginez eta indarkeriarik gabeko Burujabetza Prozesua sustatu eta abiatzeko
euskal lurraldeetako herritarren kontzientzia-maila, nortasun nazionalaren aniztasuna,
erritmo eta dinamika politikoak errespetatuz.
Aurrera egiteko,
indar politiko hauek ezinbestekotzat jotzen dute mugarik gabeko eta berehalako
ETAren su-etena, baita indar abertzale eta demokratiko guztien elkarlana ere.
Zentzu horretan, eta euren artean adostutako manifestuak abertzaleen artean
eragindako ilusioa eta itxaropena norainokoa den ikusirik, gaur egungo Euskal
Herriaren egoeraz irakurketa komuna egiten duten bost alderdiek konpromiso sendoa
hartu dute ilusio horiei eusteko eta suari hauspoa ematen jarraitzeko; horretarako,
bi batzorde eratu dituzte —lehenengo euren artean, eta gero, eztabaida
prozesu nazional irekia hasteko asmotan beste eragile politiko eta sozialekin
batera— honako bi gaion inguruan: burujabetza prozesua eta normalizazio
demokratikoa.
Esan beharrik ez
dago bi gaion garrantzia handia dela gure Herriaren etorkizunari begira eta,
horregatik, bost alderdien nahia da euren arteko prozesua berehala martxan jartzea
eta, epe finkorik jarri ez arren, lehenbailehen sintesi dokumentu bat ahalik
eta eperik laburrenean adostea.
Testuinguru honetan,
Lizarra– Garaziko akordioak sortutako ilusioak eta itxaropenak denok gogoan
ditugularik, baita indarrean zegoen garaiko huts-egiteak ere, gero eta argiago
dago Normalkuntza Demokratikoa alderdi guztiei —abertzale zein espainiar/frantziarzale—
dagokien gaia dela eta, ondorioz, denon artean, distentsio giro batean, indarkeria
adierazpenik gabe eta giza-eskubide guztiak eta guztiontzat errespetatuz bultzatu
beharreko ardura da, beti ere bitartean indarkeriaren estrategiarekin jarraitzea
zilegia denik suposatu gabe.
Bestela esanda,
demokrazian sakonduz —eta ez eskubide demokratikoak murriztuz, Espainiako
PPk bere alderdi politikoen lege aurreproiektuan egin nahi duen bezala—.
Euskararen ofizialtasuna euskal lurralde eta eremu guztietan onartuz. Etorkizuna
erabakitzeko gaitasuna euskal herritarren esku utziz, baina eskubidea Euskal
Herri osoari badagokio ere, Nafarroako, Iparraldeko eta EAEko herritarrek eskatzen
duten neurrian erabiliko dela kontuan hartuz. Hau da, euskal lurraldeetako herritarren
kontzientzia-maila, nortasun nazionalaren aniztasuna, erritmo eta dinamika politikoak
errespetatuz. Beti ere modu libre eta demokratikoan hartzen den erabakia, gaur
egungo egoera aldatzekoa balitz ere, indarrean dagoen ordenamendu juridikora
inkorporatuz.
Ordea, Burujabetza
Prozesua azken muturreraino —Independentzia— bultzatzea gehienbat
alderdi abertzaleei dagokie, nahiz eta epekako prozesu gradualista horretan
beste kide batzuk ere partaide izan daitezkeen.
Mailaz mailako
prozesu horretan urrats ezberdinak egon daitezke: gaur egungo Nafarroa eta EAEko
autogobernu maila betetzea eta sakontzea. Epe laburrean Iparraldean euskal departamendu
bat sortzea eta epe ertainean autogobernu erakundeak. Hegoaldeko eta Iparraldeko
erakundeen arteko lankidetza hitzarmenak (politikan, ekonomian, kulturan, zein
sozial arloan) euskal lurralde ezberdinetako herritarren arteko harremanak estutu
eta sakontzeko. Udalbiltzaren bitartez Euskal Herriaren egituratze politikoa
laguntzea eta eraikuntza nazionala bultzatzea. Europako Batasunean Zazpiak Baten
arteko euroeskualdea osotzea. Marko politiko berri batean EAE eta Nafarroaren
arteko erakunde konfederalak sortzea (Dieta eta Kontseilua) . Europako Estatu
Batuak bultzatzea, bertan Herri / Estatu gisa partaide izanik, beti ere beste
estatuek duten edo izango duten burujabetza maila bera mantenduz.
Beraz, bost alderdi
hauek orain arte erakutsitako erantzukizun berberaz jarraitzen badute eta lankidetza
hori fruitua ematen ari dela eta herritarren artean ilusio eta itxaropen handia
eragin duela jabetzen badira, litekeena da aurten bertan —agian udazkenerako—
normalkuntza demokratikoaren prozesua ez ezik burujabetzarena ere bultzatzeko
iritzi eta konpromiso komuna adostuta izatea.
Horrela balitz,
alderdi hauek, iraganean kultura eta jatorri politiko desberdinetatik etorri
arren, Europako ikuspegitik aztertuta ezkerrekoak izanik, akaso ezker soberanista
bakezalearen egituraketan lehen urratsak ikusten egon gintezke. Esparru politiko
berri bat, zeren eta, zorionez, gaur egun gure herri anitz honetan abertzaletasunaren
monopolioa PNVri bakarrik ez dagokion moduan, esparru abertzale aurrerakoi edo
ezker abertzalearen monopolioa ez dagokio Batasuna/ETAri ere.
Hau hala izan dadin,
hainbat pertsona dago prest zubilanean eta auzolanean aritzeko; izan ere, asko
eta asko gara esparru politiko horrek gure herrian etorkizun oparoa eukiko lukeela
eta Euskal Herri osoaren geroari begira erabakiorra izango litzatekeela pentsatzen
dugunok.
Jatorria: Eusko Alkartasuna