Martin Aranburu – Eusko legebiltzarkidea
Gutxi dira gure herrian bizi dugun egoera politikoagatik arduraturik ez dauden herritarrak, asko edo gutxi, guztiei eragiten baitigu gatazka honek. Interes politiko gutxiko herritarrak ere larritasun izpiren bat izan dute PPko arduragabe arduradunek autonomia arriskuan dagoela zabaldu dutenean. Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren hiru kide fiskalaren kereilapean, Legebiltzarreko batzorde-buruak Sozialista Abertzaleak taldearen parte-hartzea bideratu ez dezagun mehatxupean eta argi utziz autonomia bertan behera uztea PPk kontrolpean dituen erakunde espainolen erabaki ahalmena dela. Egoera honi deritzot konfrontazio instituzionala, edo bestela esanda, konfrontazio politikoa. Eta horregatik hain zuzen heldu da herri honen garaia.

Gatazka politikoak soluziobide bakarra du beti: akordio politikoa. Zapaltzaile eta zapalduen arteko itun hori fortzatu ahal izateko jorratu beharreko estrategiaren adostasun faltan egon da herri honen independentismoaren batasun ezaren gakoa, borroka armatua izan delarik batasuna ezereztatu duen printzipioa edo aitzakia. Norberak erabili dezala bidezkoen jotzen duen hitza. Dena dela, konfrontazio armatuak eszenatoki politikoaren araberako justifikazioak izaten ditu beti, batez ere, konfrontazio alternatibak eragiten ez badira. Hain zuzen, asko izan dira eta gara burruka politikoaren eraginkortasun sakonagoa defendatu dugunok, eta ondorioz, enfrentamenduzko dinamika politikoen aldeko apustua egin dugunok. Garai hori heldu da.

Konfrontazioa areagotu egin da. Eta oraingoan dialektika hutsetik baino haratago doan konfrontazioan gaude. Atzera egitea ezinezkoa da. Alderdi abertzaleak sobera dakite zein izango den Madrildik etorriko zaigun jarrera, eta beraz, erantzun beharko diete: atzera eginez edo aurrera joaz. Erdibiderik ez dago, batez ere PSOEk ere PPren estrategiaren alternatibarik ez duelako.

Heldu da konfrontazio politikoaren benetako unea. Politikoki tinko eutsi eta adostasun bat fortzatu. Eta Espainiak hartu beharko du erabakia: adostasuna edo borroka. Bata izan zein bestea indar egoera behar dugu euskaldunok, zalantzarik gabe, herria jarriz lehentasun bezala, eta garai historiko hau aprobetxatu behar dugula argi edukiz.

Beldurra ere zabalduko da euskaldun askoren artean asko baitago galtzeke. Baina izugarri dago irabazteke. Besteak beste konfrontazio militarra politiko huts bihurtzea, eta ondorioz, batasun eszenatoki bat lortzea. Eta bada galdu ezinezko beste premiazko kuestio bat: herri duintasuna. Ezin dugu gure historia ahaztu: zer ginen, zer kendu ziguten eta zer garen. Oso baliagarriak dira guretzat Marcos azpikomandanteak esandako hitzak: «Hemen oroimenari justizia esaten diogu». Hemen ere. Justizia oroimena da. Zer ginen eta zer geneukan. Sinple eta argi. –

Jatorria: Martin Aranburu