Amaiur, hauteskundeetara aurkeztuko den koalizio abertzaleak zerrendak aurkeztu ditu Bilbon. Rafa Larreina, Pedromari Olaeta eta Edurne Gumuzio dira Eusko Alkartasunak zerrenda horietan dituen ordezkarietako batzuk.

Rafa Larreina izan da Amaiurren zerrendakideen izenak ezagutzera emateko ekitaldiaren aurkezpena. Honakoak bere hitzak: “Eguerdion eta milesker Amaiur koalizioaren hautagaien aurkezpen ekitaldi honetara hurbildu zareten komunikabide guztioi.

Donostiako Miramar jauregian eta Iruñeako Baluartean egindako aurkezpenen ostean, gaurkoan Amaiur koalizioaren zerrendak osatzen ditugun pertsonak aurkeztu nahi dizkiogu euskal jendarteari.

Aitormena eta eskubideak exijitzen dituen nazioaren erreferentzia bezala aurkeztea posible egingo duen tresna izan nahi du Amaiur-ek. Bizi dugun une historikoan espainiar eredu politiko, ekonomiko eta kulturalaren aurrean bere etorkizunaren jabe izan nahi duen nazioa badela esan nahi dugu argi eta ozen, aldaketa politiko eta sozialaren prozesuan behin betiko bakea, aitorpena eta konponbide demokratikoen agertokia eskatzen duen nazioa.

Horretarako, Amaiur-ek zubiak eraikitzeari ekin dio. Gaurko argazki hau dugu horren adibide: bertan bildu garen lagunok, Amaiur koalizioaren hautagai garenok, esparru politiko eta ideologiko ezberdinak ordezkatzen ditugu. Baina bizi dugun unearen garrantziaz jabeturik, gure artean eta euskal jendartearekiko zubiak eraikitzeari ekin diogu. Madrilen dagozkigun eskubideen aldarrikapena egitea jarri dugu helburu.

Bertan bildu garen lagunok, gure konpromiso osoa adierazi nahi dugu zubiak eraikitzen jarraitzeko: Zubiak eraiki nahi dizkiogu Euskal Herriari. Zubiak eraiki nahi dizkiogu etorkizunari, askatasunari, erabakitze eskubideari, bakeari zein justizia sozialari.

Zalantzarik ez izan, zubi guzti horiek eraikiko ditugu”.

Gero Iñaki Antigudad eta Maite Aristegik, Bizkaia eta Gipuzkoako zerrendaburuek Amaiurren asmoen berri eman dute.

“Egunon,
Amaiur koalizioaren hautagai gisa aurkezten garen lagunok, datorren azaroaren 20ko hauteskundeetan Amaiur gure herriaren bozgorailua izatea nahi dugu; Euskal Herriari dagozkion eskubideak onartzearen exijentzia Madrilen ozen entzun dadila nahi dugu.

Halaber, pairatzen ari garen krisi ekonomiko larria aintzat hartuta, politika sozioekonomikoek, alegia, euskal langileengan eta gure gizartearen sektore sozial kaltetuenengan eragiten duten gaiek, protagonismo handia izango dute gure jardunean.

Amaiurren ordezkariok Lan Harremanen Euskal Esparrua exijituko dugu, euskal erakunde eta eragile ekonomiko eta sozialek enplegu eta gizarte babeserako politika subiranoak ezartzeko tresna eta eskumen juridikoak izan ditzaten; enplegu duin eta kalitatezkoaren aldeko neurriak defendatuko ditugu, eta pertsona guztien arteko berdintasun eraginkor eta benetakoaren alde lan egingo dugu.

Gizarte politikei dagokienez pertsona guztien arteko berdintasun eraginkor eta benetakoa lortzen ahaleginduko gara, bai eta gizarte babesa indartuko duten politika publikoak bultzatzen ere. Halaber, eredu publikoen aldeko zalantzarik gabeko defentsa egingo dugu bai hezkuntzan, bai osasunean, bai gizarte politiketan.

Hauteskunde hauetan izango dugun parte-hartzea bat etorriko da egun bizi dugun prozesu politikoaren fasearekin. Fase horren ezaugarri nagusia aldaketa politiko eta soziala bultzatu beharra da, eta hori garatzeko bidea behin betiko bake prozesua izango da, Euskal Herriaren eta espainiar Estatuaren arteko izaera politikoko gatazka historikoari konponbide demokratikoa emateko.

Azkeneko urte honetako gertaera politikoek erabakitzeko eskubidea euskal gizartearen agendan dagoela erakutsi dute, euskal gizartea ez dagoela ez eroso ez konforme agorturik dagoen eta nazio aldarrikapenari erantzunik ematen ez dion marko juridiko-politiko honekin. Jakin badakigu Euskal Herriaren etorkizunaren gaineko erabakia euskal gizartearen eskuetan dagoela, bera baita horren inguruko erabakiak hartzeko zilegitasuna duen bakarra, baina badakigu, baita ere, bakeari eta normalizazio politikoari dagokionez lehentasunezkoak diren zenbait arlotan espainiar Estatua beharrezko aktorea dela.

Ildo horri jarraituz, Bakea eta Normalizazioa aldarrikatuko ditugu Gernikako Akordioak jasotzen dituen baldintza guzti-guztien defentsa, sustapen eta garapen osoaren arabera.

Partida Euskal Herriaren eta Estatu espainiarraren artean jokatzen denaren jakitun, Amaiur-ek Madrilen herri bezala dagozkigun eskubideen aldarrikapena burutuko du. Premisa argi batekin egingo dugu: gure erreferentzia ez da Madril. Gure erreferentzia eta lehentasuna Euskal Herria eta euskal herritar guztiak dira.

Gure sustraiak ahaztu gabe eta gure historiari uko egin gabe, Euskal Herriarentzat etorkizun berri baten eraikuntzan aurrera egiteko zubi bat izateko bokazioarekin aurkezten da Amaiur bere herriaren aurrean. Zubi bat, Euskal Herriak XXI. Mendea bakean, askatasunean eta demokrazian besarka dezan”

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna