Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarraga Flandeseko Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren (Social-Economishe Raad Van Vlaanderen) arduradun nagusiekin bildu da, gaur goizean, Vitoria-Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren gizarte- eta enplegu-politiken inguruko gaiez hitz egiteko.

Flandeseko ordezkaritza, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko presidente Rafael Puntonet lagun zuela, oso interesatuta agertu da Sailaren enplegu eta prestakuntza programak ezagutzeko. Joseba Azkarragak lan-sustapenerako dauden hainbat laguntza-ildoren berri eman die, bereziki genero-berdintasunerako eta laguntza beharra duten gizataldeak (gazteak, emakumeak, iraupen luzeko langabetuak, etab.) laneratzeko laguntzei buruz.

Era berean, Flandesetik etorritako ordezkariek lehen eskutik ezagutu nahi izan dute Euskadiko gizarte-ekonomiaren garapena, horrek ohiko ekonomiarekiko duen erlazioa, eta sektore horrekin sailak duen harremana.

Flandeseko Gizarte eta Ekonomia Kontseiluaren ordezkariek hainbat bilera izan dituzte, aste honetan, Eusko Jaurlaritzako beste kideekin eta ekonomia eta gizarte arloko hainbat arduradunekin.

Jatorria: Joseba Azkarraga