Falta diren eskuduntzei buruz Estatua keta Nafarroak “berdinetik berdinerako” negoziaketa egin dezaten eskatu du Maiorga Ramírezek gaurko Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuran. Nafarroaren autogobernua eta kudeaketa gaitasuna jokoan daudela ohartarazi du EAko kide eta EH Bilduko legebiltzarkideak, horregatik arduraz jokatzeko eskatu die gainontzeko talde politikoei: “Gai zehatzei buruz hitz egiten ari gara, eta jendarteak dituen arazoei konponbideak bilatzeko balio dutenak”.
Horrela mintzatu da Ramírez Gobernuari egindako galdera batean. Aldaketaren Gobernua osotzeko akordioan autogobernua defendatu eta indartzeko proposamen zehatzak daudela esan gogoratu du, baita falta diren eskuduntzak jaso behar direla aldarrikatzekoa ere.
Caja Navarra
Osoko Bilkuraren gai ordenako beste puntu batean, Caja Navarra Fundazioa kontrol publikoaren menpe jarri eta gardentasunez aritu dadila eskatu du Ramirezek. Hori lortzeko Gobernuak dituen planei buruzko galdera egin du.
Legez Fundazioak ez dio Parlamentuari azalpenik emateko derrigortasunik, onartu du legebiltzarkideak, Auzitegi Konstituzionalak betebehar hori ezartzen zuen legea baliorik gabe utzi zuelako. Hala ere, “Parlamentuaren gehiengoa bere jarduna parlamentarien galderei zabaltzearekin ados dago”.
Izan ere, gardentasun falta izan zen CANen erorketa eragin zuen faktoretako bat, legebiltzarkideak gogoratu duenez, horregatik “aldaketaren erronka da Fundazioa demokratizazioaren bidetik joaten hastea”.