«Otegiren dena edo ezer ez» gaitzetsi du Erraztik, eta pausoz pauso joan behar dela esan
Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariarekin bildu ostean, Begoña Errazti EAko presidenteak Ibarretxeren proposamenari «leial» izango zaizkiola jakinarazi zuen: «Aurrera egiteko bide bakarra da», haren irudiko. «Koalizio gobernuko beste alderdien eskutik egingo dugu bide hori», esan zuen Erraztik, eta hautesleei zor dietela gaineratu. Ibarretxeren proposamena «normaltasun politiko eta sozialerako ezinbestekoa» dela uste du, «Euskadi independentea lortzeko pauso bat» dela. Izan ere, pausoz pauso joatea beste biderik ez du ikusten: «Arazoak konpondu ahala joango gara herrialde egitasmoa gauzatzen, epe luzeagora».

Hala, Errazti ez dator bat «Arnaldo Otegiren dena edo ezer ez jarrera baztertzailearekin». Hark dioenez, «Otegik ondo daki berak eskaintzen duen bidea ezereza dela». Eta Ibarretxeren proposamenak aurre egiten dio Sozialista Abertzaleak taldearen jarrerari, eta baita ere «hitz egin nahi ez dutenen jarrerari», Erraztiren arabera; PPz ari zen, Ibarretxerekin biltzeari uko egin diotelako. «Komunikabideetan gauza asko entzuten badira ere, bulegoetan denak bat datoz hitz egitearen beharraz, eta aurrera egitearen beharraz, iritzi oso desberdinekoak izan arren», Erraztiren esanetan.

Jatorria: Begoña Errazti