Gobernu Kontseiluak HAURRESKOLAK KONTSORTZIOA eratzeko eta haren estatutuak ezartzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Udalen arteko Lankidetza Hitzarmenaren eredua onartu du.

HAURRESKOLAK KONTSORTZIOA izango da EAEko Haur Eskolen kudeaketa integralaz eta hiru urtetik beherako hezkuntza eta asistentzia arretaz arduratuko dena.

HAURRESKOLAK KONTSORTZIOA Eusko Jaurlaritzaren eta Hitzarmen bat sinatuz eta haren estatutuak onartuz euren borondatez Kontsortziora bildu nahi duten Udalen artean osatua egongo da.

HAURRESKOLAK KONTSORTZIORA biltzeko beharrezkoa izango da:

- a) Interesaturik dagoen Udalaren eskaera. Kontsortzioan sartzeko erabakia udal osoko bilkuran erabakiko da legez ezarrita dauden gehiengoen bidez. Erabaki horretan HAURRESKOLAK KONTSORTZIOKO ESTATUTUAK onartuko eta onetsiko dira, bai eta Kontsortzioak sartzeko ezartzen diren baldintzak ere.

- b) KONTSORTZIOAREN Zuzendaritza Batzordearen onespena. Inkorporazio-akordioan integraziorako ezartzen diren baldintza partikularrak azaldu beharko dira. Kide berrien inkorporazioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

HAURRESKOLAK KONTSORTZIOA da Haur Eskola berriak kudeatzeko aukeratu den irudia, honako arrazoiengatik:

- Seme Alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakundeen Arteko Planean ezarritako helburuak betetzen ditu (2001), dagoen sarea sendotzen du, plaza-kopurua eta Haur Eskolen eta titulartasun publikoen kopurua zabaltzen du eta hezkuntza eta asistentzia zerbitzuetarako sarbidea errazten die landa-eremuko eta udalerri txikietako biztanleei.

- 0-3ko tartea ezartzeari buruzko Legez bestelako Lege Proposamena betetzen du, Eusko Legebiltzarrak onartua (2002ko otsailaren 8an) non Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari egozten baitzaio hezkuntza-eskaintzaren plangintzaren, koordinazioaren eta etorkizuneko kudeaketaren erantzukizuna, zerikusirik duten beste Sail eta Erakundeekin lankidetzan.

- Eusko Jaurlaritzaren eta Udalen artean Haur Eskolen kudeaketarako erantzukidetza eta kudeakidetza sistema bat ezartzen du.

Aurreikuspenen arabera 2003-2004 urteetan HAURRESKOLAK KONTSORTZIOAN sortuko diren plaza berrien kopurua 1.000koa da. Plaza publiko berri hauek HAURRESKOLAK KONTSORTZIORA bildu nahi dutela eskatu duten Udalei eskainiko zaizkie, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailaren eta Nekazaritza eta Arrantza Sailaren artean ezarririko lehentasun-mapa baten arabera.

Iraileko lehen hamabostaldian egingo da HAURRESKOLAK KONTSORTZIOAREN eraketa Batzarra. Aurreikuspenen arabera, Kontsortziora 2003ko azken hiruhilekoan gure Erkidegoko 44 Udal bilduko dira. Aurreikuspen horien arabera 55 Haur Eskola berri ezarriko dira Kontsortzioaren barruan; 1.200 plaza 121 gelatan.
5 Udaletan Hezkuntza eta Asistentzia Zerbitzu bat ezarriko da landa-eremuko hiru urtetik beherakoen arretarako. Ondoren, 2004ko urtarrilaren eta maiatzaren artean, beste 20 Udal bilduko dira HAURRESKOLAK KONTSORTZIORA.

HAUR ESKOLAK ARAUTZEN DITUEN DEKRETUA BAINO LEHEN SORTURIKO UDAL HAUR ESKOLEN TITULAR DIREN UDALEKIN EGINDAKO HITZARMENAK

Gogoan izan behar dugu Haur Eskolak arautzen dituen Dekretua baino lehen sorturiko Haur Eskolen titular diren 30 euskal Udalek, dagoeneko sinatu dutela hitzarmen bat Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin. Hitzarmen honen bidez 2002-2003 ikasturteari dagozkion diru-laguntzak jasoko dituzte. Laguntza hauetan zerotik bi urtera arteko haurrentzako kalkulaturiko kostuaren %45 ordainduko da eta %70 bi urtetik hiru urtera artekoentzat. Diru-laguntza hauen helburua udal titulartasuna duten Haur Eskoletan seme-alabak dituzten familien kuotak murriztea da.

TITULARTASUN PRIBATUKO HAUR-ESKOLENTZAKO DIRU-LAGUNTZAK

Gobernu Kontseiluak, era berean, 2002-2003 ikasturtean lanean egon diren eta baimena baduten titulartasun pribatuko zerotik hiru urtera arteko Haur Eskolentzako diru-laguntzak ere onartu ditu. Onarturiko laguntzak 5 milioi eurotik gorakoak dira eta helburua familiek ordaintzen dituzten kuotak murriztea da.

Diru-laguntzen kopurua zerotik bi urtera bitarteko haurren kostuaren %28koa eta bi urtetik hiru urtera arteko haurrentzako %40koa da.

Neurri hauekin guztiekin, Kontsortzioa, Hitzarmenak eta diru-laguntzak, Seme-alabak dituzten Familientzako Laguntza Planaren helburuetako bat betetzen da: egungo eskaintza sendotzea eta zabaltzea, titulartasun publikoko Haur Eskola Sare bat sortuz.

Jatorria: Anjeles Iztueta