Eusko Alkartasunako idazkari nagusi Pello Urizarrek Iñigo Urkulluri eskatu dio hiritarrei argitzeko zeintzuk diren EAJren hauteskundeen ondorengo asmoak bai Eusko Legebiltzarrean eta baita Madrilgo Diputatuen Kongresuan ere. Urizarrek uste du EAJ, hauteskundeak aurreratu ostean, “libre geratu” dela “Madrilen akordietara iristeko, irailaren 26tik aurrera, hiritarrei inongo azalpenik eman gabe”.

Urizarrek adierazpen hauek gaur arratsaldean egin ditu, Donostiako Aquariumean izan den EAren ikasturte politikoaren hasiera ekitaldian. Eusko Alkartasunako ehun bat militante bertaratu dira, baita alderdiaren zuzendaritzako kideak, Carlos Garaikoetxea lehendakaria eta EAko presidente ohi Koldo Amezketa ere.

Gaurko ekitaldia EAren jaiotzaren 30 urteak ospatzeko osatu den programazio bereziaren lehen mugarria izan da. Urizarrek aldarrikatu egin du Eusko Alkartasunaren bilakaera politikoa: “1986an, EA euskal politikagintzan betetzeko premia zegoen hutsune bat betetzeko jaio zen: esparru independentista, sozialdemokrata eta giza eskubideekin konprometitutako hutsune hori bete zuen, eta azken 30 urteetan Euskal Herriko historia politikoa baldintzatu du”.

Egunerokotasun politikoari dagokionez, EAko idazkari nagusiak uste du argi geratu dela EAJk Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak aurreratu izanaren arrazoia: “Estatu espainiarreko Gobernuak ez du urria arte presidenterik izango; beraz, irailaren 26tik aurrera Madrilen eta Gasteizen akordioak hitzartzeko eskuak libre izango ditu, hiritarrei inongo azalpenik eman gabe”. Urizarrek EAJ ohartarazi du: “Akordioak zilegi dira, ez dena zilegi da hauteslea itsutzea. Irailaren 25eko hauteskundeak baino lehenago euskal gizarteak jakin behar du zein akordioetara iritsiko diren jeltzaleak Madrilen eta Gasteizen”.

Gainera, jarraitu du Urizarrek, hauteskunde garai hauetan badira planteamendu “ezezagunak” dituzten alderdiak ere: “EH Bildu subiranotasunean eta justizia sozialean aurrera egiteko berme bakarra da; EAJk ez du nazio eraikuntzan aritzeko inolako interesik eta denbora asko pasa da PSEk ezkerreko proposamenak alboratu zituenetik. Podemosi dagokionez, planteamendu ezezagunak ditu bi arlo horietan”.