Eskaera honekin batera europar hauteskundeetan errealitate nazional ezberdinak kontuan hartzen dituen barrutiak eratzea aldarrikatuko du Espainiako Kongresuan EAko bozeramaile Begoña Lasagabasterrek, estatuko gobernuari galdera hau luzatuko dio datorren asteazkeneko batzarraldian: ´Europako Parlamentuaren osaketari buruzko hitzarmena aldatzearen aurrean, zein iritzi aldeztuko du Gobernuak?´. Izan ere, urriaren 11ean Bruselan ospatuko den Osoko Bilkuran, Eskainuen berresleipenari buruzko txosten proiektua bozkatuko dute. Proiektu honek egun estatu espainiarrak dituen 54 eserlekutik 56 izatera ahalbidetuko luke. Alderdi abertzaleak itaun honekin lortu nahi duena Gobernuaren postura jakitea da gehikuntza honen gainean.

Asmo berarekin alderdikide duen Mikel Irujo Europako diputatuak, arestian aipatutako txostenari 3 emendakin idatziko dizkio. Hartara, Bruselako Lege Biltzarrean estatu espainiarrarentzat bi aulki gehiago eskatzeaz gain, beste aldarrikapen bat luzatuko du. ´Europarako hauteskundeetan, herritarrok gure errealitate nazional, politiko eta kulturalean oinarritzen den zirkunskripzioak eratzea beharrezkoa dela sinisten dugu, eta ez estatuen mugek inposatutakoak´: Bi aldarrikapenok ez dira berriak EAren ahotan. 1987 eskatu zituen lehen aldiz alderdi sozial demokratak Bruselan, bertan estreinuko aulkia lortu zuen garaian, hain zuzen.

2001. urtean estatu espainiarrak modu drastiko baten txikitu zuen Europako Parlamentuan daukan ordezkaritza, Nizako hitzarmenaren ostean. Bertan Jose Maria Aznarren gobernuak 14 aulki aldatu zituen (64tik 50era), espainiar erresumak EUko ministroen Kontseiluan ordezkari gehiago izatearen ordez.

Jatorria: Mikel Irujo