2,5 milioi euroko Aldundiaren abal bat du enpresa horrek

Joseba Gezuraga EAko bozeramaileak Sustapen Ekonomiko eta Enplegu diputatuaren agerraldia eskatu du Bizkaiko Batzar Nagusietan Pastguren paper-fabrikaren egoerari buruzko azalpenak eman ditzan. Enpresa horrek oso epe laburrera ordainketak eteteari ekingo diola iragarri du, aurten lanpostuak mantentzeko eta bere jarduerarekin jarraitu ahal izateko 2,5 milioi euroko Aldundiaren abal bat jaso duen arren.

Gezuragak gogorarazi duenez, “abal hori ematearen aldeko botoa eman genuen enpresa salbuespen-egoera batean zegoelako eta, batez ere, ia 500 langilerekin Pastguren Enkarterriko enpresarik handienetariko bat delako”.

“Orain, ordea, enpresak ordainketa-etenaldia iragarri du, hain justu Batzar Nagusietako oposizioko taldeok Ekoizpen-Plan bat exijitu genuenetik bi aste bakarrik igaro direnean”, salatu du EAko bozeramaileak. Batzar Nagusiek bitartekari bat izendatu zuten gainera, Aldundiaren abala indarrean dagoen bitartean enpresaren egoera ekonomikoari buruzko informazioa eman diezaien.

Gauzak horrela, EAk Sustapen Ekonomiko eta Enplegu diputatuaren agerraldia eskatu du Aldundiak egindakoak azaldu eta egoera hau gainditzeko Foru Gobernuak egiten dituen aurreikuspenen berri eman ditzan.

Jatorria: Eusko Alkartasuna