Martin Aranburu Carrera Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko arduradunek erronka bikoitzari egin behar diote aurre. Hainbat mahaitan pilatzen diren kudeaketa arazoei ahal zaien neurrian erantzun alde batetik, eta bestetik, ideologikoki edo politikoki interesgarritzat jotzen diren proiektuak abiarazi. Hezkuntza Saila errealitate horretan ere txertatua dago, egunerokotasunari erantzunez edo saiatuz eta, epe ertain eta luzeko hezkuntza proiektuak aktibatuz. Horietako bat da Euskal Curriculuma.

Hitz gutxi egin behar dira herri batentzat hezkuntzak duen garrantziari buruz. Pertsona pentsalari eta jakitunak lortzeko helburua duen prozesua da azken finean hezkuntza. Zaila da, aldiz, pertsonen heziketa ona bermatuko duten helburuak identifikatzea, eta are eta zailagoa, helburu horiek lortzeko aukera emango duten eduki eta prozedura egokiak topatzea. Hitz gutxitan, hori da curriculuma. Zer ikasi eta nola ikasi jakintza eta trebakuntza helburu batzuk lortu ahal izateko.

Helburuak herri honek markatzea da Euskal Curriculumaren zati bat. Helburuak lortzeko mekanismoak herri honek erabakitzea da Euskal Curriculumaren beste zati bat. Eta azkenik, ume edo gazte batek jaso behar dituen edukiak herri honetan erabaki daitezela da ere bai Euskal Curriculuma. Lan zaila eta tentu handiz egin beharrekoa. Inplikatuta dauden kolore guztietako eragileek parte hartu beharreko prozesua, hezkuntzaren arduradun eta finantzabide nagusi administrazioaren ardura eta gidaritzapean nire ustez. Administrazioa baita, ez dezagun ahaztu, Curriculumaren aplikazio praktiko eta erreala posible egingo duen eragile nagusia.

Berriz diot. Lan zaila oso. Are eta gehiago, adostasunak hain urriak direneko hezkuntzaren arloan. Haatik, eragileen arteko elkarlana ohiko gauza ez denean. Ibilbide korapilatsua baina emankorra izan du gaiak, administrazioaren eta eragileen elkarlanari esker. Beraz, poliki baina aurrera egin badugu, eta ibilbide horrek Euskal Curriculuma utopia izatetik erreala izan daitekeen proiektu bihurtu duenean, zein mesede egiten dio ideologia politiko zehatz batek Euskal Curriculumaren aldeko dinamika eta azterketak abian jartzea? Mesede ala kalte egiten dio?

Badira kolore politikorik gabe mantendu beharreko hainbat gai: euskara, besteren artean. Era berean, Euskal Curriculumak kolore politikorik gabe jarraitu beharko luke, orain arte emankorra izan den ibilbideari jarraituz, ustez bultzatzaile eta bizkortzaile diren kanpainak alde batera utziz, finean, lagungarriak baino kaltegarri izaten baitira. Zoritxarrez, borroka politiko-dialektikoaren elementu bilakatu dugu Curriculuma. Atera dezagun gaia prentsatik eta eraman dezagun mesedez dagokion lekura: eragileak biltzen dituen zuzendaritzara. Hantxe baitauka etorkizuna. -
Jatorria: Martin Aranburu