Martin Aranburu, legebiltzarkidea.

Igaro da martxoaren 14a. Ustegabeko emaitzaren harriduran gaude oraindik murgilduta, aurrerantzean izango dugun eszenatoki politiko berria asmatu nahian. Zalantza asko datozen hilabeteetan. Baita asmo eta itxaropen asko ere. Ez da txarra behingoz Euskal Herriak itxaropen apur bat izan dezan, nahiz eta lekuz kanpo dauden soluzio guztien abiapuntua Zapaterorengan dakusatenek. Kontuz gero! Euskal Herrian geneukan ekaitza bukatu da, baina euriak hor jarraitzen du. Zirimiri edo zaparrada, baina euria azken finean. Ez da heldu zerua oskarbi izango duguneko eguna. Eta itxaropenak ikusi nahi dituenak, so egin diezaiola Baiona eta Maule bitarteko zeruari. Grisa. Oso grisa eta hodei potoloz betea.

Igandean kantonamenduko hauteskundeak eta eskualdekoak dituzte Lapurdi, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Eskualdekoetan ezer gutxi dugu egiteko, legislazioan eginiko aldaketa batzuei esker ezinezkoa baitzaie indar abertzale euskaldunei beren burua aurkeztea. Kantonamendukoetan, aldiz, indar abertzaleen arteko metaketa posible izan ez denez, banaketa dugu beste behin, elkarri botoa emateko adostasuna ere ez baita lortu. AB, Batasuna eta EA-ren arteko komunikazioa egon da behinik behin. Halere, artikulu honen helburua ez da hauteskundeei buruzko informazioa ematea, Iparraldeak Euskal Herriko komunikabideetan duen trataerari buruzkoa baizik.

Euskal Herria bat bada, bertako biztanleen errealitateak elkarri azaldu behar dizkiogu, gure herriaren ezagutza komunak gerturatu egiten baikaitu. Kontzientzia sozialaren oinarritzat jotzen dut nik komunitatearen ezagutza eta komunitatearekiko inplikazioa. Ezagutza posible egiteko ordea, ezinbestekoa da informazioa: Hegoaldekoek, Bizkaiaz edo Nafarroaz dakigun neurri berean jakin dezagun Zuberoaz. Azken asteetan, Euskal Herriko hedabide nagusien artean biek soilik eman dute Iparraldeko kanpainaren berri, gainontzekoetan, erabat ezinezkoa izan da egunerokotasunez bertako kanpainaren berri izatea.

Hedabideek ere merkatu liberalaren parametroetan funtzionatzen dute aspaldian: eskaria eta eskaintza. Eskariari erantzuteak bermatzen ditu inbertsio ekonomikoetan bihurtu daitezkeen emaitzak. Hainbat kuestiotan halere, hedabideek ez lukete duten funtzio publikoa ahantzi behar: herri kontzientzia indartzea eta bultzatzea. Iparraldearen inguruko interesa ez da hegoaldean piztuko bertako arazoak gerturatzen ez baldin badizkigute. EiTBk berebiziko ardura eta garrantzia du eginkizun horretan, eta bereziki berari eskatu behar zaio Iparraldeari buruzko informazioa ematea. Ulergarria litzateke hegoaldekoak baino azalpen txikiagoa izatea, baina gutxienekoa izan behar luke alderdi abertzale bakoitzaren planteamenduak azaltzea eta, bereziki, bigarren itzulitik kanpo geratu eta gero, sostengatu behar duten alderdiaren hautuaren azalpena. Iparraldea gertu dago fisikoki, ea gure egunerokoan ere barneratzen dugun.

Jatorria: Martin Aranburu