Espainiako Gobernuak ez du argudio demokratikorik herri kontsulta galarazteko, Begoña Erraztiren iritziz Espainiako Gobernuak Euskal Herrian herri kontsulta egitea galarazten badu «Espainiako Estatuari desobedientzia» egin behar zaiola adierazi zuen Erraztik. Desobedientzia hori aurrera eraman ahal izateko, Erraztiren iritziz, beharrezkoa da abertzaleen arteko batasuna lortzea. Gainera, «Espainiako Estatuaren aurrean desobedientzia egiteko agenteak Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak izan beharko lukete», haren ustez. «Legeak egiteko gaitasuna baitugu».

Abertzaleen arteko batasuna lortzeko, EAJren oinarriek eta Batasunaren oinarri askok abertzaleen arteko batasuna oso ondo ulertzen duten ziurtasuna agertu du Erraztik. Gainera, «gainetik pasatzen ez uzteko», eta erabakiak hartu ahal izateko, Espainiako estatuari «planto» egitera dei egin du Eusko Alkartasuneko presidenteak.

Herri kontsultaren inguruan, eragile batzuk «gezurretan» dabiltza, Erraztiren ustetan, kontsulta legezkoa ez dela esaten dutelako. EAko presidentearen iritziz, ordea, herri kontsulta erabat demokratikoa eta legezkoa da, eta Madrileko alderdiek ez dute «argudio demokratikorik», ekimen honen aurka egiteko.

Horregatik guztiagatik, Espainiako estatuak orain arte bezala jarraitzen badu, Erraztiren ustez, «planto» egin beharko zaio. Izan ere, EAko presidenteak dioenez, ahal den guztia egin da, eta horren adibide da Eusko Legebiltzarrean 2004an onartutako Ibarretxe Plana, Madrilen ezeztatua izan zena, «Espainiako Gorte Nagusietan sartu baino lehen».

Indarkeria edo beste edozein aitzakia erabiliz, erabakiak artesa galarazten digutenen aurrean euskaldun abertzale guztiei planto egitera dei egin beharko zaie, Espainiako estatuak Euskal Herriak duen erabakitze eskubidea behin eta berriz urratzen duelako, EAko presidentearen hitzetan.

«Espainiako estatuari eta ondoren besteari planto egiteko garaia da», bere ustez, 30 urte hauetan Espainiako estatuko zentralismoak beti «tranpa» egin duelako eta ez duelako gatazkaren konponbidera iritsi nahi. Gainera, ETAk bere jardunarekin jarraitzen duen bitartean herri kontsulta ezin dela egin esatea, EAko presidentearen iritziz, aitzakia bat besterik ez da, eta bere alderdiak erakunde armatuari Euskal Herriaren etorkizuna onartzeko gaitasunik ematen ez diola adierazi du.

Hala eta guztiz ere, Espainiako estatuko agintariek «gure nazioa eta dugun erabakitze eskubidea onartzea» espero du Erraztik. Baina hori gertatzen ez baldin bada, aurrera egiten duen herri baten bitartez eta herritarren desobedientziaren bitartez, «hau bezalako mehatxu demokratikoa» egitea beharrezkoa izango dela uste du EAko presidenteak, eta datozen urteetako «eragite politika» hori izango dela jakinarazi du.

Herri kontsultaren bitartez herritarrek duten erabakitze eskubidea gauzatzea posible bada, «Espainiako Konstituzioko zortzigarren artikulua ezarri eta tankeak kalera aterako ote dituen», galdetu dio EAko presidenteak PSOE alderdiari.

Jatorria: Begoña Errazti