Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Euskal Herriak ´une korapilotsu´ hau ´PSOEk eta Zapaterok agindutakoa bete ez dutelako´ bizi duela esan du. ´Kale borroka´ ere kritikatu du. Begoña Errazti Eusko Alkartasunako presidenteak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan esan du bake-prozesua ez dagoela krisian. Haren esanetan, bake-prozesuaren krisiari buruz mintzatzen direnek ´euskal gizartea adoregabetu eta euskal alderdien arteko harremanak desitxuratu nahi dituzte´ normalizazio politikorako bidea zabalduko duen alderdien mahaiaren sorrera saihesteko.

Erraztik baieztatu duenez, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak eta sozialistek ez dituzte hartutako konpromisoak bete.

Haren ustetan, ´ez dago aitzakiarik´ udazkenean ´bazterketarik gabeko´ alderdien mahaia osatzeko, izan ere, sozialistek egin duten bezala, ´prozesuaren une honetan´, Batasunaren legeztatzea eskatzea ´tontakeria´ da.

Iritzi aldaketa antzeman du PSOErengan

EAko presidenteak agertu duenez, Alderdi Sozialistak iritzia ´aldatu du´ gai honi dagokionez, ´ez baitu´ Euskal Herriaren eta Espainiako Estatuaren arteko marko juridiko eta harreman berria definitzeko ´prozesua martxan jartzerik nahi´.

´Minimoen gaineko akordioa izango duen abertzaleen batasunaren alde´ egin du Erraztik eta Batasunari leporatu dio PSOErekin batera, nazionalismoa kaltetzen duen ´protagonismo baztertzailea´ bilatu izana.

´Bistan da Batasuna okertu egin dela eta sozialistei engainatzen utzi diela´, esan du. Erraztiren esanetan, sozialistek ´elkarrekin ez daudelako (abertzaleen) ahultasun hori aprobetxatzen dute´.

Kale borroka

Bestalde, Erraztik baieztatu duenez, azken egunetan izandako kale borroka ekintzak ´ETAk´ azken komunikatuan ´aipatu zuen presioa´ dira.

Erraztiren ustetan, ´kale borroka ez da espontaneoa eta agirian ETAk ´presio´ hitza erabili zuenean, mota horretako ekintzak etorri zitzaizkidan burura´.

EAko presidentean aburuz, kale borroka ´guztiz negatiboa eta desegokia´ da, hala ere, agertu du ´bake eta normalizazio prozesua ´inolaz ere ez dagoela krisian´. Horren harira, azaldu duenez, ´une korapilotsua´ bizi badu, ´PSOEk eta Zapaterok agindutakoa betetzen ez dutelako´ da; ´hori da gakoa´, esan du.

EAJrekin koalizioa errepikatzeko aukerari dagokionez, EAko presidenteak gogorarazi du Eusko Alkartasunaren ´barne erabakia´ dela eta agertu duenez, EAJrekin elkarlana beharrezkoa da subiranotasuna oinarri izango duen prozesua abiatzeko
Jatorria: Begoña Errazti