Martin Aranburu. Eusko Legebiltzarkidea Gaurko artikuluan barkamena eskatu behar dut berriz ere, Saharari buruzko artikulua idatzi dudalako, baina estatubatuarren eta bere morrontzan dagoen Kofi Annanen planteamenduaren berri izanda, ezin dut gai honetaz hitz egitea ekidin.

Giza eskubideen errespetua omen da Europako Batasunaren kide izateko kontuan hartu beharreko premiazko baldintza, eta, era berean, estatubatuarren politikaren ardatza da terrorismoaren aurkako borroka giza eskubideen defentsarako. Horretaz gain, gatazka politiko zein militarrak konpontzeko elkarrizketa aldarrikatzen dute, eta lehian dauden oposizio taldeak bilduko dituzten foroak antolatzen saiatzen dira.

Elkarrizketa diotenean ordea zalantza dut esanahi bera ote duen hitz horrek diplomaziaren jargoian. Aldendurik dauden planteamendu politikoak elkarri hurbiltzeko saiakera da elkarrizketa, denen gutxienezko helburu politikoak bermatuko dituen erdibideko ituna edo akordioa. Saiakera horretan, talde orok egin behar du nork bere planteamendu politikoen zati baten ukoa, planteamenduen inposaketa alde batera utziz akordioa erdibidean egongo dela onartuz. Europako Batasuneko zein Estatu Batuetako arduradun politikoek beste era batera ulertzen dute elkarriz- keta. Beren aburuz elkarrizketa ez da aldendutako iritziak hurbiltzea, baizik eta lehian dagoen alde baten garaipena, agian ez militarra, bai ordea elkarrizketaren bide demokratikoak ematen duen zilegitasunaz disimulaturikoa, azken finean indarkeriaren eta militarismoaren balioa onartzen dutela.

Horren adibide da Sahara eta Marokoren arteko lehia. Zenbatetan entzun dugu NBEren ebazpenak errespetatu beharko zituela Marokok? Zenbatetan aplikatu beharreko soluzioak bi aldeen oniritzia izango zuela eta beti ezinbesteko baldintza izango zela giza eskubideen errespetua? Ahuntzaren gauerdiko eztula. Estatu Batuek egindako azken planteamenduan Marokoren subiranotasuna zilegi jotzen dute Sahararentzat autonomia planteamendua egitearekin batera.

Nazioarteko politikan indarkeria tresna politiko baliagarria dela esaten digute erabaki honekin. Marokok ez du jaso Sahara uzteko agindua, aldiz, beste behin frogatu da gudarosteek status quo-a aldatzen dutenean, negoziazioen abiapuntua ere aldatu egiten dela, eta, horren ondorioz, elkarrizketa bidezko soluzioaren garaileak negoziaziorako baldintzak eraldatzen dituztenak direla beti. Sahararren giza eskubideek ez dute axola, garrantzitsuagoak baitira Estatu Batuetako petrolio enpresaburuek Marokoko gobernuarekin lortuko dituzten ustiapenerako esklusibitate akordioak. Estatu demokratikoek alde biko bide militarrak zilegitzen dituzte beraz, lurraldeen konkista inbasioak alde batetik eta defentsa indarkeria bestetik.
Jatorria: Eusko Alkartasuna