EA Parte-hartzea bideratzeko kargu berria sortzea proposatu du Bilboko udalerako Instituzioak herritarrengandik gero eta urrunago ikusten ditu Eusko
Alkartasunak eta horri buelta eman behar zaiola uste du. Herritarren
parte-hartzea areagotu nahi duela dio, eta horretarako, udaletan badaudela
nahikoa tresna. Horiek baliatu nahi ditu. Jon Aritz Bengoetxea EAk Bilbon
duen zinegotziak eta hauteskundeetara zerrendaburu aurkezten denak dio
horretan ari dela. «Bilbo parte-hartzailea» nahi duela, eta hori nola
bideratu badakiela. Herritarren parte-hartzea sustatuko duen kargu berria
sortzea proposatu du.

EAko zinegotziak proposatu duen parte-hartzerako bulego berriak Bilboko
Udaleko barruti eta departamendu guztietan izango luke eragina, eta azken
legegintzaldian martxan jarritako esperientzia izango luke abiapuntu.
«Hezkuntza, Gazteria eta Kirola sailetan abiatu dugun Bilbao Aktiba
esperientziak erakusten digu herritarrek parte hartu nahi dutela eta hori
egitea posible dela», azaldu du Bengoetxeak.

Eta herritarren parte-hartzeari bide egiten ari dela dio EAkoak. Bilborako
egin duen programa ere hiritarrekin bilduta egin duela. Areago, programa
itxi gabe duela jakinarazi du. Hauteskunde kanpainak irauten duen hamabost
egunetan herritarrekin eta auzo elkarteekin biltzen jarraituko dela, eta
jasotako ekarpenekin moldatuko duela atzo aurkeztu zuen programa.
«Hiritarrekin egon garenean esan digute udalean, egunerokotasunean,
herritarrei entzunda aritu behar dugula», argudiatu du.

Bi alor nagusi ditu EAk Bilborako egin duen programak: haur eskolak eta
etxebizitza. Bengoetxearen esanetan, haur eskolen eskaria handia da
Bilbon, eta azken urteetan eskaintza hirukoiztu egin den arren, areagotu
egin behar dela dio. Eskaintza hori bikoiztea du helburu EAk, eta,
pixkanaka, haur eskolak Bilboko auzo guztietan zabaltzea.

Etxebizitzei dagokienez, 5.000 bizileku berri eraiki nahi ditu EAk Bilbon
datozen urteetan, bai eta alokairu sozialak sustatu eta erabili gabe
dauden etxeak merkatura sartu ere.

Halaber, auzoen aldeko apustua egingo duela azaldu du Bengoetxeak. Bilbo
erdigunea eta auzoen arteko oreka lortzeko lan egingo duela hitz eman du.
«Lau urte ditugu aurretik, eta hiri ereduan eragin dezakegu. Herritarren
bizi-kalitatea hobetu nahi dugu», esan du boto eske. Oinarri horiekin,
gainera, Bilbo «erreferente» egin nahi duela dio. «Bilbo Euskal Herriaren
erreferentzia bihurtu nahi dugu nazio eraikuntzan eta eraikuntza
sozialean».

«BESTE MODU BATETAN». Begoña Errazti EAko presidentea lagun izan du
Bengoetxeak programa aurkezpena egiteko agerraldian. EAk bake eta
normalizazio prozesuaren aldeko apustua egiten jarraituko duela esan du
Erraztik. «Euskal Herria beste modu batean egin nahi dugu. Hori da
hauteskundeetarako aukeratu dugun leloa, horrek esan nahi duen
guztiarekin», azaldu du.

«Bakearen eta normalizazio politikoaren alde lan egin nahi dugu», dio
Erraztik, Euskal Herriak «garrantzi politiko handia» duen momentua bizi
duela ohartarazita. Errespetua eta proiektu politiko guztiek aukera
berdintasunean aritzeko eskubidea ditu horretarako oinarritzat, eta
«konponbide demokratikoa» aldarrikatu du. «Hori heldu beharreko alorra da,
nahiz eta batzuek ahaztu egin nahi duten», ohartarazi du. Burujabetzan
aurrera egiteko dei egin du, konponbidea herritarrek nahi dutena
errespetatzean dagoela azalduta.
Jatorria: Begoña Errazti