JUANJO AGIRREZABALA Juanjo Agirrezabalak udal euskaltegiek HABEren aldetik jaso ohi dituzten diru laguntzak urtez urte murrizten ari direla salatu du. Euskaltegiak itoarazi nahi izatea egotzi dio Jaurlaritzari eta haien izaera publikoa ziurtatzeko eskatu dio.

Eusko Alkartasunak udal euskaltegien finantziazioa handitzeko eskatu dio gaur Eusko Jaurlaritzari Juanjo Agirrezabalak Legebiltzarreko osoko bilkuran Kultura sailburu Blanca Urgelli eginiko interpelazio baten bitartez. PSEk Gobernua eskuratuz geroztik HABEk udal euskaltegiei emandako diru-laguntzak urtez urte murriztuz joan direla salatu du EAko legebiltzarkideak, eta euskaltegiak ekonomikoki itoarazi nahi izatea egotzi dio Kultura sailburuari.

Agirrezabalak ohartarazi duenez, Kultura Sailaren eta HABEren jokaera udal euskaltegien biziraupena arriskuan jartzen ari da, bai eta haien izaera publikoa eta doakotasuna ere. Zentzu horretan, euskaltegi horien etorkizuna bermatze aldera, Jaurlaritzaren finantziazioa handitzea ezinbestekotzat jo du EAko ordezkariak eta irizpide horri jarraituz jokatzeko eskatu dio Urgelli, horrela egin ezean, udal euskaltegien bideragarritasuna kolokan egongo delako.

80ko hamarkadan sortuz geroztik udal euskaltegiek euskalduntze prozesuan egindako lan eskerga goraipatzeaz gainera, EAko bozeramaileak jarduera hori babestea Jaurlaritzari dagokiola nabarmendu du. Beraz, euskaltegi horiek behar bezala finantzatzeari uko eginez, Kultura Saila ardura hori udalen gain uzten saiatzen ari dela kritikatu du Agirrezabalak, erantzukizun hori Jaurlaritzarena delako.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA