Txostenak dio lurrikara izateko arrisku guneetan lanak saihestu egin behar direla. Bihar bozkatuko dute Europako Parlamentuan. Azken egunetan ere hainbat lurrikara izan da urtegiaren inguruan.

Mikel Irujo EAren eurodiputatuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio Europako Legebiltzarrak lurrikara izateko arrisku guneetan lanak egitea saihesteari buruz egindako txostena kontuan hartzeko Itoitz (Nafarroa) urtegiaren kasuan. Txostena bihar bozkatuko dute Europako Parlamentuan.

Atzo Itoizko urtegiaren koordinakundeak jakinarazi zuenez, asteazkenetik igandera bitartean Itoitz inguruan 45 lurrikara izan ziren.

Irujoren arabera, Europak diru laguntzak emateko orduan baldintzak jarriko ditu. ´Hala, gobernu batek laguntzak jaso nahi baditu, lanak egiteko gunea lurren mugimenduen arriskurik gabekoa dela frogatu beharko du´, esan du EAren eurodiputatuak. Haren ustez, gaur egun Itoitz inguruan lurrikarak izaten dira eta hango jendea ´beldurtuta´ dago.

Jatorria: Mikel Irujo