Espainiako Lege Antiterroristak berriki onartutako Oinarrizko Eskubideen Europako Gutunarekin bat datorren proposatuko du Eusko Alkartasunak Europako Batzordean. Gutunak tortura irmoki gaitzesten duela eta, auzia eztabaidatu nahi du alderdiak, lege horren ondorioz giza eskubideak urra daitezkeelakoan: «Tortura susmoa Lege Antiterroristaren ondorio zuzena da, habeas corpus-ean salbuespenak ezartzen dituelako».

Europako Batasuneko Legebiltzarrak joan den abenduaren 12an berritu zuen Oinarrizko Eskubideen Gutuna, eta 2009an jarriko da indarrean, aurreikuspenen arabera. Gutunak bizitzarako eta giza duintasunerako eskubideak aldarrikatzen ditu. Halaber, hauxe dio torturari buruz: «Ez zaio inori torturarik egingo, ezta zigor edo tratu gizagabe edo apalgarririk emango ere». Adierazpen hori kontuan hartuta, legedia eta gutuna bateragarriak diren proposatuko du EAk Bruselan.

Legediak, «epailearen aurrean deklaratu baino lehen, atxilotuak inkomunikatzeko bidea ematen» duela argudiatzen du EAk. Izan ere, habeas corpus-aren arabera, atzeman eta 24 orduko epean eraman behar dituzte atxilotuak epailearengana, deklaratzera. Espainiako legediak, baina, 72 orduko epea ezartzen du, eta aldi hori 48 orduz luzatzeko aukera ematen du. Hau da, hori ezarriz gero, atxilotua bost egunez egon daiteke inkomunikatuta.

EAko eurodiputatu Mikel Irujoren aburuz, legedia ez dator bat Europako Batasunaren (EB) balioekin. Bere hitzetan, «EBk ezin du esan giza duintasunaren, askatasunaren, demokraziaren, berdintasunaren, Zuzenbide Estatuaren eta giza eskubideen errespetuan oinarritzen dela, eta horrelako legeak onartu. Komisarietan torturatzen delako susmoak, giza eskubideen urraketak dakarren arazo etiko larria izateaz gain, indarkeriaren suari gasolina gehiago botatzen dio».

POLITIKA, SARE JUDIZIALAREN BARRUAN

«Terrorismoaren aurkako politika deiturikoa» Europako Sare Judizialean sar dadila ere eskatuko du Mikel Irujok. Nazioz haraindiko delituetan laguntza judiziala emateko tresna da sarea, 1998an sortua. EAren ustez, «terrorismoaren aurkako politika» Europako sarean sartuko balitz, «atxilotuen eskubideekiko errespetua modu objektiboagoan bermatuko litzateke».

Jatorria: Mikel Irujo