Eskoziako independentzia prozesua eta Euskal Herrikoa aztertuko ditu EAk datorren larunbatean, Edinburgon. Europako Aliantza Libreak (ALE) antolatu du estatu gabeko nazioen ordezkariekin topaketa datorren larunbatean, eta EAko ordezkariak ere han izango dira. EAko lehendakari Unai Ziarreta Edinburgon izango da larunbatean, eta Scotish National Party (SNP) alderdiko buruzagi Ian Hudghtonekin bilduko da. 2017an autodeterminazio erreferenduma egitekoak dira Eskozian, nazioa independente izendatu edo ez erabakitzeko. Hain justu, Eskoziaren independentzia prozesua aztertu nahi du EAk, komunikabideetara bidalitako oharrean jakinarazi duenez. Era berean, Eusko Jaurlaritzak urriaren 25ean egiteko asmo duen herri galdeketarako prozesuaren nondik norakoak azalduko dizkio Ziarrenak Hudghtoni. ‘EDINBURGOKO AKORDIOA’ EAko eta SNPko ordezkariez gain, ERCko Josep Lluis Carod Rovira, Plaid Cymru gales alderdiko Ieuan Wy Jones, Spirit alderdi flamenkoko Geert Lambert eta BNGko Anxo Quintana ere batuko dira topaketan, helburu batekin: Edinburgoko akordioa sinatzea. Autodeterminazio eskubidea, demokrazia parlamentarioarekiko atxikimendua eta giza eskubideen defentsa lantzen ditu akordioaren testuak. EAko presidenteari «pribilegio bat» iruditzen zaio SNPko ordezkariarekin bilera egitea. Gainera, Edinburgoko akordioa ekarpen garrantzitsua iruditzen zaio bi herri horien burujabetzarako bidean: «Estatu gabeko nazioek konpromisoa hartuko dugu, konfrontazio demokratiko sanoa erabiliz, zilegi diren gure helburu politikoak lortzeko bidean lanean jarraitzeko».

Jatorria: Unai Ziarreta