Ongizate Estatua indartzea, ekimen honen xedea Duela 13 urte sortutako ohiturari jarraituz, Eusko Alkartasuna eta Esquerra Republicana de Catalunya (ERC) alderdiek Legebiltzar Jardunaldien 13. edizioa egingo dute datorren astean, astelehenean eta asteartean, hain zuzen ere. Begoña Erraztik eta Josep Lluis Carod-Rovirak zuzenduta, jardunaldien helburu nagusia bi alderdien arteko harremana sendotzea eta Ongizate Estatuaren inguruan amankomuneko hausnarketa egitea da. Carod-Rovirarekin batera, Ernest Benach Parlament-eko presidenteak, Joan Ridao bozeramaileak eta beste 20 legebiltzarkidek osatuko dute ERCk bidalitako ordezkaritza. EAkoa, aldiz, Erraztik, Eusko Jaurlaritzako hiru sailburuek, Jose Ramon Urrutia senadoreak eta Gasteizko zein Iruñeko legebiltzarkideek osatuko dute.

Jardunaldien hasierarekin bat eginez, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak Errazti eta Carod-Rovira hartuko ditu astelehen goizean, 9.30etan, Lehendakaritzan. Gero, 10.30etan Eusko Legebiltzarrean, lehenengo lan-bilera izango da eta 12.30etan Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidenteak ERCko ordezkariak hartuko ditu.

Lan-saioetan gai ezberdinak jorratuko dituzte bi ordezkaritzek. Astelehenean herri egituraketaren eta gizarte zein ingurugiro jasangarritasunaren inguruko hausnarketa egingo dute, eta bereziki “Euskal Y” proiektuari buruzkoa. Horretarako, Esther Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuak eta Nuria Lopez de Guereñu Garraio eta Herri Lan sailburuak parte hartuko dute eztabaidan. Beste alde batetik, Juan Porres (EA) eta Joan Ridao (ERC) legebiltzarkideek autogobernuaren eta marko juridiko-politiko berriaren gaineko eztabaida zuzenduko dute.

Astearteko saioan Ongizate Estatua izango dute hizpide EA eta ERCko ordezkariek. Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak eta Carme Capdevila ERCko diputatuak irekiko dute eztabaida. Ongizate Estatua bultzatzearren Euskadin nahiz Katalunian sustaturiko ekimenak aztertuko dituzte bertan, betiere politika sozialak hiritarren gizarte eskubideen babesle eta bermea direla kontuan hartuta.

Ongizate Estatuak Sistema Fiskalarekin eta Hezkuntza Sistemarekin duen harreman eta eragin zuzena ere aztertuko dute asteartean. Jose Ramon Urrutia EAko senadoreak eta Tontxu Campos Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza sailburuak zuzenduko dituzte lan-saioak.

Jatorria: Eusko Alkartasuna