Presoen eskubideen aldeko manifestazioa debekatzeko Auzitegi Nazionalaren erabakia gaitzetsi du EAk, horrelako neurri errepresiboek normalizazio politikorako eta bakerako bidea oztopatzen dutelako.

Presoen eskubideen aldeko manifestazioa debekatzearekin, Auzitegi Nazionalak Euskal Herrian normalizazio politikoa eta bakea lortzea zaildu egiten duen beste urrats errepresibo bat eman du, Eusko Alkartasunaren aburuz.
Gaur goizean bertan larunbateko manifestazioan parte hartuko zuela iragarri ostean, EAri onartezina iruditzen zaio Dignidad y Justicia elkartearen salaketa batek ekimen demokratiko baten debekua ekartzea, eta are onartezinagoa euskal gehiengo sozial eta sindikalak manifestazio horrekin bat egin dutela kontuan hartuta.
EAko Batzar Nagusiak, gaur arratsaldean Gasteizen eginiko bileran, aho batez salatu du Auzitegi Nazionalaren erabakia eta pertsona guztientzako eskubide guztien aldeko konpromisoa berretsi du, bai eta egungo egoera politikoa gainditzeko eragile sozial eta sindikalen ekimenaren balioa ere.

Jatorria: Eusko Alkartasuna