EA-ko lehendakariak gogor salatzen du ´Egunkaria´, Ikastolen Elkartea, ´Argia´ eta Jakinen miaketa, eta elkartasuna adierazten die komunikabide eta erakunde horietako langilego eta zuzendaritzei
Eusko Alkartasunako lehendakari Begoña Erraztik gogor salatzen du gaur gauean hasi eta goiz osoan zehar ´Egunkaria´, Ikastolen Elkartea, ´Argia´ eta Jakineko egoitzatan Goardia Zibilak egindako miaketak, eta bere elkartasuna adierazten die komunikabide eta erakunde horietako langilego eta zuzendaritzei. ´Adierazpen askatasunaren eta euskararen aurkako eraso bortitza eta totalitarioa da, gure herriaren kontra Madrilek aurrera eramaten ari den estrategian beste pausu itzela, euskara eta euskal kultura kriminalizatu nahian, indarkeria eta terrorismoarekin era interesatuan nahastuz´.

´Berriz ere, Estatutik euskararen munduaren aurka egiten ari da. Lehendabizi, AEK-rekin saiatu ziren alferrik, eta oraingoan ´Egunkaria´-ren aurka egin dute, herritik sortutako euskararen aldeko ekimenaren kontra´, azaldu du Begoña Erraztik.

´Argi geratu da, berriz ere, Estatu espainolari berdin zaiola oinarrizko eskubideak zapaltzea eta askatasunak urratzea Euskal Herriaren berezitasunak ezabatzeko, gure herriaren kultura ahultzen saiatuz, gure hizkuntzatik hasita´, dio. Zentzu honetan, Erraztik adierazi du Goardia Zibilak miaketa egiteko baimena besterik ez zuela, ´baina hala eta guztiz ere, egoitzak itxi ditu, egunkari honen lan informatiboa galaraziz, giltza ematean´, azaldu du.

´Ez dago inolako justifikaziorik, erantzukizun indibidual hipotetiko batzuren aurrean ere, hizkuntza bat eta egunkari bat kriminalizatzen saiatzeko´, gehitu du Erraztik.

´Noski, hurrengo orduetan gertakarien zain egonen gara baina, aldez aurretik, Eusko Alkartasunaren izenean nire elkartasuna adierazi nahi diet langilegoari, zuzendaritzako kideei eta euskarazko komunikabideak izateko aukera kendu izan diguten milaka irakurleoi, eta jakinarazi gure konpromezua salaketa publiko hau ahalik eta zabalena egiteko hala nola lan egiteko euskal gizarteak euskarazko komunikabideak izan ditzan´, bukatu du.

Jatorria: Begoña Errazti