Martin Aranburu
Gatazka politiko-armatu bat pairatzen duen edozein gizartetan, sektore desberdinen arteko itun politikoaren bidez konponduko da gatazka. Itun hori posible egin ahal izateko, benetako normalizazio demokratikoa nahi dutenen arteko elkarrizketa prozesua martxan jarri behar da, denen iritziak jaso daitezen eta inork galtzaile sentipenik izan ez dezan. Alderdien eta eragileen arteko itunak, azkenik, herriaren oniritzia jaso beharko luke inplementatua izan aurretik. Orain arte azaldutakoa gatazka politikoen bitartekaritzan aditua den edonork proposaturiko eredu logikoena litzateke munduko edozein gatazkarentzat, baita Euskal Herriarentzat ere.

Halere, prozedura ideala azaldutakoa bada ere, ezin da ukatu elkarrizketen eragile nagusiak izaten diren alderdi politikoek bestelako interesak izaten dituztela askotan, besteak beste hauteskundeetan boto kopuru gehiena lortzea, eta horregatik, gerta liteke zenbait alderdik interes propioa eta gizartearen interesa nahastea. Marxen ereduari jarraituz, Gramscik gainegituraren eta azpiegituraren arteko banaketa egiten zuen: gainegituran Estatua kokatu zuen eta azpiegituran, aldiz, gizarte zibila. Hain zuzen, bi egitura horien arteko erlazioak zuzena eta konstantea izan behar du gizarte zibilaren interes eta premiak izan daitezen une oro ekintza politikoaren helburu. Hori gertatu ezean, politika gizartetik aldentzen da.

Euskal Herrian bi egituren arteko komunikazioa puskatu egin ez ote den galdetzen diot nire buruari. Gizartearen helburu garrantzitsuenetakoa, garrantzitsuena ez bada, bakea eta normalizazio demokratikoa izanik, alderdi guztiek ez dute helburu bera, eta elektoralismoan murgildurik dabiltza. Herri honek premiazko beharra du bakea, eta bakearen bidea elkarrizketa eta negoziazioa direla onartzen badugu, elkarrizketa mekanismoak artikulatu behar dira ahalik eta azkarren, Gramscik esango zukeen bezala gainegituraren interesak azpiegituraren helburuei eta beharrei gailendu ez dakizkion.

Pake prozesu batek bi fase izan ohi ditu: lehendabizikoa, ezkutukoa, alderdien eta eragileen arteko hurbiltzea, zubi eraikitzea eta puntu zailenen konfrontazioa suposatzen duena, eta bigarrena, berriz, publikoa, elkarrizketa eta negoziazioa bukaera faseen sartzen direna. Gai izan beharko genuke elkarrizketa horiek martxan jartzeko jada, hainbat gatazkatan posible izan den bezala. Zubiak eraikitzea ezinbestekoa da horrelako egoera batetik ateratzeko, eta, alderdiek ez badute aukera hori kontenplatzen, alderdiez harago jo eta gizarteari kasu egin beharko diogu zuzenean. Bakea nahi dutenen arteko ituna gizarteari aurkeztu eta gizarteak hartu beharko du erabakia.
Jatorria: Martin Aranburu