Berak defendatzen duen pentsio ereduak Gizarte Segurantza du zutabe nagusitzat, baina aurreikuspen osagarria eskuratzeko aukerak zabalduz

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak esan du berak defendatzen duen ´aurreikuspen-ereduaren zutabe nagusia Gizarte Segurantza dela, baina aurreikuspen osagarria eskuratzeko aukerak zabalduz, pentsio nahikoak eta finantza aldetik jasangarriak ziurtatzeko formula osagarri egokiak direlako´.

Azkarragak Finantza-Aholkularitzako IV. San Prudencio Foroa inauguratu du gaur arratsaldean, eta iragarri duenez, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila gai horren inguruan egiten ari den gogoeta estrategikorako egitasmoak amaitua du diagnosi-fasea, eta aurreikuspen osagarriaren inguruko proposamenen faseari ekin dio une honetan.

Hitzaldiaren zati handia eman du sailburuak pentsioei eta adin-piramidearen iraulketaren eraginei buruzko hausnarketa egiteko, ´hori da XXI. mendeko erronka´. Haren iritziz, prozesu horrek ekarriko dituen transformazioek ´gogoeta serio bat´ egitera behartzen gaituzte, eta horretarako, besteren artean, ´ezinbestekoa da onartzea, erantzukizun osoz, euskal herritarrei pentsio nahikoak bermatu behar zaizkiela, finantza aldetik jasangarriak eta gizarte aldakor honetarako egokigarriak´.

Sailburuak adierazi duenez, aurreikuspen osagarriaren arloan, ´gure proposamenak, nagusiki, aurreikuspen osagarria enplegu-sistemaren bitartez zabaltzera zuzenduko dira, Europar Batasunak emandako jarraibideen ildotik.

Halaber, bere poza azaldu du foroaren antolatzaile San Prudencio Fundazioak borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde bat eratu duelako Fundazioko partaideen artean gizarte-aurreikuspen osagarria garatu ahal izateko. ´Ekimen horrek etorkizun-sena, ausardia eta erantzun egokia emateko nahia erakusten du lehen edo beranduago gizabanakoek, enpresek eta gizarte osoak izango dituzten beharren aurrean.

Azkarragak bere eskerrona adierazi dio San Prudencio Fundazioari, ´ekimen horiek garatuz erakutsi digulako ingurune sozial eta ekonomikoarekiko konpromisoa duela, eta elkargune eta elkarrizketa-gune gisa lan egin duelako familiak kezkatzen dituzten eta enpresetan eta administrazioan eragiten duten gaien inguruan´. Fundazioa bizitzen ari den une interesgarria azpimarratu zuen sailburuak, ´heldutasuna, egokigarritasuna eta etorkizun sena´ dituela demostratzen ari baita.

Azkarragaren ustez, ezaugarri horiek guztiak eztabaidarako aukeratutako gaien interes sozialean islatzen dira: ´pentsioen etorkizuna, gutxienez zalantzazkoa dena, edo nahiago bada, era desberdinetako ikuspegi-aldaketen edo egokitzapenen jomuga; berrikuntza fiskalak, eta horiek populazioaren errenta-maila desberdinetan izango dituzten ondorioak; edo finantza-inbertsioetarako jarraibideak, merkatuak kolokan dauden garai honetan bereziki interesgarriak´.

Jatorria: Joseba Azkarraga