´Lanbidek Eusko Jaurlaritzaren Egitasmoarekin bat egiten du, autogobernu gehiago, elkarbizitza eta bakea bilatzen duelako´, azaldu du sailburuak

Joseba Azkarragak, Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza sailburuak Estatutu berrirako proposamena Legebiltzarrean eztabaidatuko dela esan zuen, ziur baitago Auzitegi Konstituzionalak ez duela Madrilgo Gobernuak jarritako errekurtsoa onartuko. “Hori ez dut nik bakarrik esaten, Zuzenbide Katedratiko gehien-gehienek ere esaten dute, astakeria hutsa dela”, gaineratu du.

Ildo honetan, PPko Gobernuaren jarrera kritikatu zuen: “Espainia apurtu’ nahi omen dutelako Eusko Jaurlaritza eta Gobernua osatzen duten hiru alderdien kontra hitz egiten duten horiek dira egunez egun eta minutuz minutu hiritarren eskubide eta askatasunen aurka ari direnak”, esan du.

Aurtengo Lanbide Azokaren inaugurazioan hitz egin zuen Azkarragak Jaurlaritzaren Egitasmoari buruz. Azoka gaur hasi eta azaroaren 15a arte zabalik egongo da. Sailburuak esan zuen azoka “guztion artean gure arazoei buruz hausnartu eta irtenbideak bilatzeko gunea da: gure lan merkatuaren egoera zein den aztertzeko gunea, gure esperientzia eta ikuspegitik baina beste lekuetatik iristen diren esperientzietara zabalik”.

Euskal sailburuak egiaztatu duenez, ´kopuru makroekonomiko handietatik haratago; planteatuta ditugun eta irtenbide baten zain dauden gai politiko garrantzitsuetatik haratago; erakundeen arteko komunikaziorik ezatik haratago; pertsonak eta herri gisa aurrera egiten uzten ez digun biolentziaren gaitzatik hartago; eta batzuek eraman nahi gaituzten gizarte-krisiaren arriskutik haratago…Horren guztitik haratago, edo, horretaz gain, hil edo bizikoa da eguneroko kontuekin kezkatzea, edo hobe esanda: horretaz dugun kezka jakinaraztea´.

Enpleguaren Azokaren irekiera ofiziala egin aurretik, sailburuak erakustaldiaren baitan egiten diren jardunaldi teknikoen inaugurazioan parte hartu du. Azkarragak aipatu du gobernuak helburu utziezina duela: erabateko enplegua, duina eta kalitatezkoa. “Kostata lortuko da, baina horixe da eta jarraituko du izaten gure erreferentea. Eta horretarako, eta ez natzaizue ezer berririk erakusten ari, denok lagundu beharko dugu: gizarte-eragileek eta erakundeok. Baldin eta enpleguaren aldeko politikak adostea eta koordinatzea lortzen badugu, urratuta izango dugu bidearen zati bat. Hori da ezarri dugun erronka, eta horixe da nola edo hala gai honetan zer esaterik eta zer egiterik duten guztiei egiten diegun deia´.

Sailburuak Biztanleria Jarduerarekin lotzen duen inkestak (EUSTAT) eskainitako datu guztiak errepasatu ditu; horien arabera, lan-merkatua aurtengo lehenengo hiruhilekotik hobetzen ari da. Adirazle garrantzitsu guztietan eragin du hobekuntzak: jardueran, okupazioan eta langabezian.

Adierazitako datu guztien artean, nabarmen daiteke 2003ko hirugarren hiruhilekoan errekorra lortu zela: 905.000 landun, eta 13.800 pertsona gehiago aurten, aipatutako inkestaren arabera. Okupazio-tasa ehuneko 64raino igo da; 1,2 puntuko igoeraz lehenengo hiru hilekoetan.

Bestalde, aurten langabezia-tasa gutxitu da ehuneko 9tik ehuneko 8,1era. Eta hirugarren hiruhilekoan Europako Batasuneko batez bestekotik hamarren bat gorago dago.

Laburtuta, ´EAEko enpleguaren adierazle nagusi gehienak ez dira heltzen Europako batez bestekora, baina bai gizonezkoaren enplegu eta langabezia-tasarekin zerikusirik duten datuei dagokienez, gazteenak salbu´.

Ideia horren haritik, “etorkizunari itxaropenaz begiratzeko aukera ematen digun joera positiboa dago: 2000 eta 2003 bitarteari (aurreko Enplegu Planaren indarraldia) dagozkion datuak hartuta, gure bilakaera Europako Batasunarena baino hobea izan da.

Testuinguru ekonomiko honetan eta lan-merkatuaren diagnostiko honetan kokatzen da, Azkarragak adierazi duenez, Enplegu Plana (2003-2006), Gobernu Kontseiluak uztailaren 22an onartua. Planaz eta bere zutabeaz, hau da, Lanbide Enpleguaren Euskal Zerbitzuaz, gauza asko esan dira, gehienak errealitatearekin zerikusirik ez dutenak.

Sailburuak adierazi du ´Lanbide Enpleguaren Euskal Zerbitzua dela! esango dutela. Zuek guztiok dakizue zer den enplegu-zerbitzu bat. Bada, horixe, besterik ez da Lanbide. Horixe da definiziorik onena”.

“Euskal herritarren enplegu-premiei erantzunak emateko Eusko Jaurlaritzak erakunde moduan duen erantzukizunaren ondorioz sortua da Lanbide. Eta aurrera egiten du orain arte eman dugun erantzunean; arlo honetara zuzentzen ditugun baliabideak antolatzeari dagokionez, pertsona, bezeroa, kontuan hartzean gogoa jarrita, gure jardueren ardatz nagusia den aldetik´.

Ildo horretatik, ´Lanbide lanabes ezpezializatua da, eta haren bidez kudeatuko da, era integratu, pertsonalizatu eta diferentziatuan, EAEko enplegu-arloko jarduerak´.

Estatutu berriaren proposamena ´sezesionista´ dela eta Lanbide fronte independentista moduko baten parte leporatu da; bada, manipulazio eta errealitatearen desitxuratze horri erantzun nahian, Azkarragak honako hau esan du: ´hori ukatu behar dut. Irmoki. Estatutu politiko berriaren proposamena ez da abentura sezesionista bat, eta Lanbide ez dago enpleguaren fronte indepentista baten baitan´.

“Hori bai, eta honi dagokionez ere kategorikoa izan nahi dut: galdera bada ea Lanbide ongi moldatzen den Eusko Jaurlaritzaren apustuarekin, hau da, herri honentzat autobogernu gehiago eta elkarbizitza eta bakea bilatzen dituen apustuarekin -gainera, nire ustez, herritar gehienen nahiarekin moldatzen den apustua dena-; orduan, bai, erantzuna baietz da´. Eta horrela da sailburu honen, sail honen eta gobernu honen koherentzia eta uste osoagatik´, zehaztu du Azkarragak.

Bestalde, Enplegu Plana (2003-2006) etorkizunean enplegua sortzeko baliabide guztiak gure eskura izateari uko egin barik, inola ere, enpleguaren kopurua eta kalitatea hobetzera lagunduko duten erabaki berriak bultzatuko dituela, adierazi du sailburuak. Gainera, bazterketa-arazoak dituzten edo izateko arriskuan dauden taldeak laneratzeko gaitasuna ere badago, jakina´.

Horretarako, ´gure enplegu-politika lortzeko zuzendu behar ditugu ahaleginak, pilatu dugun esperientzia albait gehien aprobetxatuz eta legearen arabera gure eskumenekoak diren gaiak gure baliabideak erabilita garatuz, nahiz eta Espainiako gobernuaren zekenkeriarengatik oraindik ez dizkiguten transferitu´.

Azkarragak adierazi duenez, “honako hau izango da gure jarduera-norabidea: Gernikako Estatutua (portzierto, beste batzuek egunero urratzen duten legalitatea) betetzea, euskal herritarrek berori aldatzea, askatasunean eta demokratikoki, erabaki arte; baina enplegu gehiago eta kalitatezkoa ekarriko duten politikak bultzatzeari utzi gabe.

Enplegu Planak langabeziaren indizerik handiena duten taldeei zuzendutako enplegu eta prestakuntza politikak garatuko eta bultzatuko ditu. Gazteez, 45 urtetik gorakoez, emakumeez, ezgaitasunak dituzten pertsonez eta gizartetik bazter gera daitezkeen pertsonez ari gara. Enpresak susta ditzaketen edo euren enplegua sor dezaketen taldearentzako erabakiak ere sartu dira planean.

“Enplegu bat lortzea eragozten duen arazo bakoitzari esku-hartze egokiago bat dagokio oztopoa gainditzeko´.

Gainera, esku-hartze edo politika horien administrazioa arautzen duen arau-sorta berrikusiko da honako ekitaldi honetan, Lanbideak aurrera egin ahala indarrean sar dadin, pixkanaka.

Gizarte-eragileek Planaren aurka azaldutako kritikei dagokienez, Azkarragak hau adierazi du: ´horiek guztiak oso bidezkoak dira norberak bere aukerak darbilzkilako, eta denok dakigu bakoitza non dagoen oraingo abagune politikoan eta sindikalean; denak elkarrizketan aritu ez izanaz leporatzen digutenak salbu. Hori errotik gezurra delako, eta, hori berresteko, horra hor Enpleguaren Planaren gainean gizarte-eragileekin, enpresa-buruekin eta sindikatuekin egin ditugun 30 bilera inguru. Topaketa guztiak, guk proposatuak´.

“Batzuek enplegu-politika aurrerakoiak aipatzen dituztenean, hitz hutsetan geratzeko joera dute, elkarrizketa baliatu gabe –elkarrizketarako akordioak lortzeko asmoa eta borondatea egon behar da, bestela, ariketa faltsua da–, eta elkarrekin lankidetzan aritu behar diren aurkako iritzikoen artean konpromiso kritikoa deitzen dena ere baliatu gabe´, kritikatu du sailburuak.

Jatorria: Joseba Azkarraga