Enpleguaren Zikloa XXI. mendean gaiari buruzko Jardunaldia Eusko Jaurlaritzako
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak gaur goizean
Bilbon baieztatu duenez ‘giza baliabideak eta ondare intelektuala eraginkortasunez
kudeatzea da euskal enpresek lehiakortasunez hazteko duten bermea’. Azkarragak
‘Enpleguaren Zikloa XXI. mendean’ gaiari buruz aurkeztu duen Jardunaldian
adierazi duenez, gero eta nabarmenagoak dira ekonomiaren globalizazio-prozesua,
teknologia berrien garapen maila eta ekoizpenerako antolakundeen konplexutasuna,
eta horren ondorioz, gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari dira giza baliabideak
eta horien ezagutzak, ‘horiek direlako enpresen eta nazioen aktiborik nagusiena’.
Zuzendaritzaren
Aurrerapenerako Elkarteak antolatutako Jardunaldian enpleguaren bizitza-zikloaren
faseak jorratu eta aztertu dira (hautapena, garapena, atxikitzea eta banantzea),
enpresaren eta lege-markoaren ikuspuntutik. Halaber, lan-merkatuaren egungo
egoera eta etorkizunari aurre egiteko alternatibak aztertu dira. ‘Enpresek
-bakoitzaren antolaketa-moduaren, helburuen, estrategien eta giza baliabideen
arabera- erakundean langileak sartu eta atxikitzeko prozedurari tratamendu egokia
eman behar dio’ sailburuak
baieztatu duenez.
Gainera, Azkarragak
esan duenaren arabera ‘Makina on bat, enpresaren kokapen egokia, merkatu
berrietara irekitzea, ikerketa eta garapena, eta abar garrantzitsuak dira, baina
hori guztia diruz ordaindu daiteke. Pertsonak ez ordea. Pertsonak enpresaren
parte dela sentitu behar du; beharrezkoa dela; aintzakotzat hartzen dutela,
eta hori guztia, adiskideok, ezin da erosi. Egunez egun irabazten den zerbait
da, konbentzituz eta giza baliabideak ondo kudeatuz’.
Lan sailburuaren
ustez euskal enpresa gehienek oraindik ez dakite nola hautatu, garatu eta atxiki
haien erakundeetako talentuak, ‘nahiz eta egun inork zalantzarik ez duen
ezinbestekoa dela aktibo ukiezinen balioa kontuan hartzea, merkatuan enpresa
batek duen benetako balioa neurtzeko’. Azkarragak erantsi duenez, ‘ingurune
global honetan, non merkatuak, produktuak, teknologiak lehiakideak eta gizarteak
izugarrizko abiadan aldatzen ari diren, etengabeko berrikuntza da bizirik irauteko
baliabide nagusia eta enpresa batek -eta enpresa hori kokatzen den eskualdeak-
lehiatzeko duten abantailarik behinenetako bat.
Gai horri buruz,
enpresak gidatu eta kudeatzeko ikuspegi estrategiko berri baten aldeko apustua
egin du sailburuak, giza baliabideen gaitasunetan eta trebetasunetan oinarritutakoa.
‘Benetako erronka zera da: nola bultzatu enpresa-barruko ikasketa etorkizuna
sortzeko oinarri gisa, gaitasunak elkarren artean garatzeko eta denek ezagutu,
konpartitu eta balioetsitako emaitzak lortzeko lankidetzan ari diren langileak
dituzten antolakundeek baino ez dutelako ikasten’, esan du Joseba Azkarragak.
Jatorria: Eusko Alkartasuna