Babes-sistemetan egindako gastua 4 milioi euro ingurukoa izan zen 2002a

Eusko Jaurlaritzako Justizia lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak esan duenez, EAEko egoitza judizialetako segurtasuna arretagune berezia izan da bere Sailarentzat. Egoitza judizialetako segurtasuna azaltzeko legebiltzarrean izandako agerpenean Azkarragak baieztatu zuenez, ´2002an helburu horretarako jarritako giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak dira gai horrek kezkatu eta lanpetzen gaituelako froga´. ´Horrek kezkatzen gaitu, batetik, Justizia Administrazioan izuak mehatxatutako pertsonek lan egiten dutelako, eta, bestetik, egoitzek berek atentatuak nozitu dituztelako. Gainera, Sail honen eskuduntza da egoitzetako segurtasuna bermatzeko behar diren neurriak zehaztea, beti ere kontuan harturik segurtasun-gaietan bermeaz hitz egitea erlatiboa dela´, azpimarratu zuen.

Sailburuak esan zuen jakitun dela ´botere judizialeko kideak bat datozela segurtasun-gaietan dugun kezkarekin´, hori baieztatu ahal izan duelako botere horren ordezkariekin duen ´etengabeko elkarrizketan´. ´Berez -gaineratu zuen-, gai horrek pizten duen interesa ondo islatuta gelditu zen Euskadiko Auzitegi Gorenak 2001ean egindako memoria judizialean´.

Adierazi zuenez, ´egoitzetarako segurtasun Plan bat ezartzeko beharrezkoa izan da, lehenik, Herrizaingo Sailaren lankidetza. Ekarpen hori ezinbestekoa izan da egoeraren diagnosi bat egin ahal izateko. Egoera hori giza talde eta arduradunekin aztertu eta eztabaidatu da neurriak hartu eta jarraibideak ezarri baino lehen.

JARDUERA PROGRAMA

Bere sailak erabilitako jarraibideen aipamena egin ondoren, lana eta egutegiak nola gauzatu ziren zehaztu zuen sailburuak.

Lehen urratsa, Herrizaingo Sailarekiko lankidetzan, segurtasun-gaietan aditua den Ertzaintzaren ofizial bat egoitza judizialen segurtasun-arloan lanean jartzea izan zen. Pertsona hori aurtengo urtarrilean hasi zen lanean, eta profesional aditu gisa parte hartu zuen egoitza judizialen eta inguruen segurtasun-diagnostikoa egiteko.

Ingurunerako jarduerak

Era berean, segurtasuna egoitza judizialen inguruetara zabaltzea hartu zen planaren ardatz gisa, eta ingurune horretan nola jarduteari buruzko diagnosia Segurtasunerako Euskal Batzordearen bilerara eraman zen apirilaren 11n. ´Gure Saila -esan zuen Azkarragak- txosten horretan detektaturiko beharren inguruko zerrenda bana bidali zuen Udal guztietara, egoitza judizialen ondoan aparkaturiko autoek eta hiri altzariek sortutako arriskuak gutxitzeko xedearekin´.

Sailburuak baieztatu zuenez, egindako proposamenen ildotik doazen erabakiak hartzen ari dira udalak, nahiz eta, -gaineratu zuen- ´oraindik ere badaude konpontzeko gelditzen diren hainbat arazo, eta, horien inguruan, jarraitzen dugu udalekin harremanetan´.

Egoitzetarako jarduerak

Azkarragak azaldutakoaren arabera, egoitza judizialen egoerari buruz egin zen diagnosi xeheari esker ikusi ahal izan zen komenigarria zela, eraikinetako segurtasun aktiboa indartzeaz gain, segurtasun pasiboko tresnak berritu eta jarduerarako arauak lehenbailehen ezartzea.

Hartutako neurrien berri zehatza eman zuen jarraian Azkarragak:

1. Segurtasun Aktiboko Neurriak.

Berehalakoena, eta ikusgarriena, eraikinetako segurtasuna indartzeko beharraren ondorio izan zen; bertako zaintza 24 orduetara zabaldu zen eta jendearentzat irekitako ordutegietan zaintza horretaz arduratzen diren pertsonen kopurua igo.

Ertzaintzak zaintzen dituen egoitzetan handitu egin zen oinarrizko funtzioetan ziharduenen kopurua, eskaner edo txartelen kontrola kasu.

Puntu honetan, zaintza-lanetarako agente gehiago eskuratzeko Herrizaingo Sailak dituen zailtasunak aipatu zituen Azkarragak. Hala, ´ertzainen kopurua handitzeko beharraren inguruan Legebiltzar honetan Herrizaingo sailburuak azaldu dituen argudio oinarrituak´ gogorarazi zituen, eta azpimarratu zuenez, ´nire gaia ez izan arren´, ´adierazi behar dizuet funtzio berriak hartzeko giza baliabide urritasun horrek behartu gintuela zaintza-lanak esleitzeko lehiaketa publiko bat egitera´. Lehiaketa hori bi enpresari esleitu zitzaien (2002-05-09): Sabico Seguridad SA Gipuzkoarako eta Protección y Seguridad Técnica SA Bizkaia eta Arabarako. Biei esleitutako aurrekontua 2.542.250,082 eurokoa da.

2. Segurtasun Pasiboko Neurriak.

Arlo honetan hiru neurri mota desberdin bereizi zituen sailburuak, urtean zehar aplikatutakoak. Batetik, justizia jauregietan egindako lanak, hala nola, hesiak, balen aurkako beirak, alarma-sakagailuak, irakurgailuak, ispiluak, bionboak eta babeserako lanak lorategietan, garajeetan, bizkartzainen aretoetan, etab. Adierazi zuenez, esku hartze horiek, guztira, 311.908 euro kostatuko dute, besteak beste, Eibar, Amurrio, Bergara, Durango edo Tolosako egoitzetan egindako lanetarako.

Bestalde, lehiaketa publiko baterako deia egin zen, justizia jauregietako kontrol-kamerak berritzeko. Lehiaketa hori Bizkaian, ICOM enpresari eta Araba eta Gipuzkoan Telesonic enpresari esleitu zitzaien 2002ko azaroaren 5ean, 1.114.842,14 euroko zenbatekoarekin.

Horretaz gainera, Larrialdi Planen prestaketa osatu zen egoitza judizial guztietan. Plan horiek epaile, fiskal eta sindikatuei aurkeztu zitzaizkien, eta ezartzen bukatzeko prestakuntza ikastaroak programatuta daude jada. Atal horri dagokion aurrekontua 29.335,05 eurokoa da.

3. Jarduteko arauak.

Azkarraga sailburuaren hitzetan, giza-baliabide eta baliabide tekniko onenek ere, eraginkorrak izango badira, errendimendua optimizatu behar dute, eta denek ezagutzen dituzten arau eta irizpideekin batera joan behar dute, erreferente balioa izan dezaten. ´Hori dela eta -azpimarratu zuen- segurtasunaren inguruko jarduerarako hainbat arau adostu ziren zenbait gairen inguruan: bizkartzainak dituzten langileak, garajeetarako sarbideak, segurtasun aktiborako funtzioak eta arauak eta posta eta paketeen orrazketa´.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak azpimarratu nahi izan zuenez ´egoitza judizialetako segurtasunaren inguruko gai guztiak ikuskatu eta aztertu dituzte, bai EAEko Auzitegi Nagusiaren Gobernu Salak, baita Probintzia Auzitegietako presidenteek, epaileek, dekanoek eta fiskalek ere, eta, beranduago, sindikatuen ordezkariek´.Haren iritziz, aplikatutako neurri eta jardueren multzoari esker ´egoitzetako segurtasuna hobetzen lagundu da, zenbait pertsona edo giza talderi sortu bide dizkien deserosotasunak gora-behera´. ´Segurtasun-sistemaren giltzarrietako bat pertsonen sarrerari eta eraikinen inguruan gertatzen denari egiten zaien kontrola behar bezala bateratzean datza´, baieztatu zuen.Azkenik, Azkarragak ´egunez egun neurri horiek betetzen jarraitu duten segurtasunaren profesionalen prestutasuna, goraipatu zuen eta, halaber, Baliabide Materialen Zuzendaritzako lan-taldearen ardura, horrek oinarrizko esku-hartzea izan baitu gai honetan 2002an. Giza baliabide horiek -gaineratu zuen- baliabide ekonomikoen kopuru handi batekin batera joan dira: lau miloi euro inguruko kopuruaz ari gara (3.980.336,13), aurten, egoitza judizialetako segurtasunean jauzi kualitatibo bat emateko helburua izan duena.Azkarragak aurreratu zuenez, sailaren asmoa 2003an ildo beretik jarraitzea da. ´Gure lanaren ardatza diseinatutako Larrialdi Planak ezartzea izango da, eta eraikinetan zein inguruetan lan txikiak egitea, segurtasuneko hainbat osagai tekniko berritzeaz gainera´, iragarri zuen.

Jatorria: Joseba Azkarraga