Elkarbizitzarako Itun Politiko Berriaren kontra eginez gero, orain 25 urte egindako akats berbera errepikatuko duela ohartarazi dio Eusko Alkartasunako presidente ohiak Batasunari

Carlos Garaikoetxea lehendakariak -Eusko Alkartasunako presidente ohia- azpimarratu du euskal autogobernuan sakontzea ´moralki´ onartuta geldituko dela, nahiz eta Estatutu Politiko berriak gehiengo osoa ez eskuratu. Garaikoetxeak uste du proposamenak erabateko gehiengoa lortzen ez badu, Sozialista Abertzaleak taldeak testuaren kontrako botoa emango duelako izango dela, talde horrek ´haratago joan nahi baitu´.

´El Punto´ ETBko programan egin dioten elkarrizketan, Garaikoetxeak adierazi du Elkarbizitzarako Proposamena Eusko Legebiltzarrean atzera botatzen badute, ´garai bateko Batasunaren pragmatismo politikorik ezagatik´ izango dela, eta, ´bere testigantza hutsezko politikatik´, ´gaur egun ezinezkoak diren gauzen bila´ dabilela esan du, ´EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko biztanleek erreferendum berberean elkarrekin botoa ematea´, adibidez.

Garaikoetxearen iritziz, astelehenean 25 urte beteko dituen Gernikako Estatutua adostea eta onartzea ´ez zen akatsa izan´, ´euskara, ekonomia eta beste hainbat gaietan gabezia ikaragarriak zituen herri honek hori behar baitzuen. Oinarrizko erreminta izan zen eraikina eror ez zedin´.

Bestalde, euskal abertzaletasunari kalte egitea egotzi dio Garaikoetxeak ezker abertzaleari; izan ere, ´autonomiarekiko arbuio-jarrera apurtzailea mantenduz´, Eusko Legebiltzarrean eta euskal erakundeetan abertzaleen arteko gehiengoa egotea eragotzi du 25 urtez.

EAko presidente ohiak kritikatu egin du gainera PSE-EEk eta PPk adostasun kontzeptuaren inguruan egiten duten ´apelazio demagogikoa´. Izan ere, Garaikoetxearen ustez, azken finean, beto-eskubidearen aldarrikapena egiten dute.

Jatorria: Carlos Garaikoetxea